11 marzo 2012

HISTORIAREN ERABILERA



Prozesu historikoaren azterketa sakona egiterakoan garai eta garrantzi ezberdineko gertaera historikoak zaku berean sartzen baditugu, totum revolutum-aren amildegian erortzeko arriskuan egongo gara, gertaera nagusiak bigarren mailakoetatik ezberdintzeko ezgai. Horrelakoetan, azterketaren emaitza pobrea eta okerra izaten da gehienetan, herrialde bateko historiaren perspektibak behar duen azalpen edo ezagutza faltan duena. Gauza orokorra da hori, eta horregatik, euskaldunon historiari ere aplika dakioke.

Horren harira, errege-erreginei buruzko narrazio baten barruan euskal literaturaren sorrera bezain gertaera garrantzitsua 1512ko konkistarekin erlazionatzen denean (euskal literatura guztia nafar Estatua konkistatu ostean ekoitzi dugu), bi arazo azaleratzen dira, zein baino zein larriagoa. Lehenengoa objektiboa da, eta ezjakintasuna adierazten du. Izan ere, Espainiak Nafarroa Garaia okupatu zuenean, hain zuzen, Behe Nafarroan eta Bearnen —hartara lurralde independenteak—, euskarazko bi testu nagusietakoak ekoiztu ziren: Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae 1545ean eta Leizarragak egindako Testamentu Berriaren itzulpenaIesus Christ Gure Iaunaren Testamentu Berria,1571n La Rochelan Nafarroako Juana III.a erreginaren babespean editatua. Bigarren arazoa subjektiboa da, eta euskal nazioak historiarekiko eta gizartearen memoriarekiko duen autoestimu gabeziari dagokio. 

Nafarroaren, euskaldunon Estatuaren menpekotasuna eta gutxiagotzea eragin zuten ekintza beliko eta politikoak trufaka tratatzen dituenak (Mikel Sotoren artikulua, Me cago en el V centenario,Gara-n, 2012ko otsailaren 11n) —menpekotasun hori mendeetan zehar gaur egun arte luzatu dela kontuan hartuta— gure nazioaren funtsezko gertaera historikoa hutsaren pare jartzen du, eta jarrera horrek hala mintzatzen denaren autoestimu eta duintasun gabezia erakusten du. 

Maltzurki ala axolagabeki foruen aldarrikapen protonazionala —XIX. mendeko gerra karlistetan nagusitu zena— garai hartako ohiko apologiekin —Moret, Larramendi eta foruen eta euskararen defendatzaile izan ziren beste hainbeste— alderatzen duenak, hau da, «euskalduna» «tubalismoarekin» parekatzen duenak mesede eskasa egiten die foruen eta euskararen auziei.

Estatuak XVIII. edo XIX. mendean sortu zirela baieztatzen duen printzipio baldarra —Frantziako eta Espainiako erakunde akademikoek estiman duten printzipioa— zalantza izpirik gabe onartzen badugu, honako ondorio honetara iritsiko gara: Nafarroako erakunde politikoek ez zutela inoiz Estatu euskaldun bat eratu; izan ditugun estatu bakarrak espainiarra eta frantsesa izan direla, eta gu beti haien periferia. Estatu nafarrak mendeetan zehar izan duen nazio eraikuntzarako gaitasuna gutxiesteak prozesu historikoarekiko ezjakintasuna erakusten du, eta lehen aipatutako gutxiagotasun konplexua.

XII. mendean bizkaitarrak gerrarik gabe Gaztelaren parte bilakatu zirela baieztatzen duenak —«bizkaitarrak gerra barik pasatu ziren Castillara», Gorka Etxebarria, BERRIA—, Harotarrek eta Gebaratarrek Nafarroari egindako traizioa ezkutatzen arituko da, eta haien interesek feudalek Gaztelarekin bat egitea ekarri zutela. 

Arestian aipatutako guztia Gorka Etxebarriak BERRIArako idatzitako artikuluan (2012ko martxoak 3) irakurri nuenean —artikulua errespetuz idatzia bada ere— lubaki berean beharko luketen sektoreek batak besteaz ezer gutxi dakitela ohartu nintzen. Guztiok nahi dugu Estatu euskaldun (nafar) independente bat, baina ez da gure artean eztabaidarako gune abegikorrik. Adibide gisa, horietako sektore batek behin eta berriz errepikatzen duen iritzia: historiak ez duela gaur egungo independentzia nahia justifikatzen. 

Baina sektore horrek ez du azaltzen zergatik, 2012an, oraindik ere, gure gizarteak nazio bat osatzen duen eta zergatik nahi duen burujabe izan. Ezin dugu galdera horren erantzuna ezagutu gure historia sakonki aztertu gabe, gaurdaino mantendu diren memoria trazuak ezagutu gabe; alegia, gure herriaren egungo errealitatea osatu duen eraikuntza sozialaren prozesua ezagutu gabe. Hori, noski, menpean gaituzten estatu ofizialetako erakunde akademikoen galbahetik pasatu gabe.


No hay comentarios: