15 diciembre 2013

HERNANIKO KRONIKA.NET


HITZALDIA ASTEARTEAN - KOLDO MARTINEZ GARATE
«’Inperioko’ puska bat galdu duenero Espainiak trauma bat bizi izan du»
Koldo Martinez Garatek (Iruñea, 1949) dioenez, Espainiak nekez onartuko du Katalunia eta hemengo independentzia. Asteartean hitz egingo du, 19:00etan Biteri kultur etxean, Hernani Errotzen taldeak antolatuta.
2013/12/15 - Igandea
Hitzaldia abenduaren 17­an, Biterin: Catalunya ¿un próximo estado independiente?
Erantzuiozu zeure galderari: Kata­lunia independiente izango al da?
Espero dut baietz, eta espero dut ikustea. Baina duda egiten dut laister izango denik. Ez behintzat 2014an. Gauza zaila da, konplikatua.

Utziko al dio Espainiak independiente izaten?
Politikan beti gauza bera gerta­tzen da bi interes elkarren parean jartzen direnean: indarrak erabakitzen duela. Espai­niak ez dio onartuko inoiz ez Ka­ta­luniari eta ez guri independen­tzia. Espainiako kultura politikoa horretan oinarritu da, menperatzean, eta uniformitatean; totalitarismoan, azken batean (korrupzioan eta pelotazoan ez esateagatik). Hori bistakoa da, inperioa izan dira, eta gu gara haren azken arrastoak.
Gauza izango al gara kata­lu­niarrak eta euskaldunak presioa egin eta hori lortzeko? Haiek ez dakite zer den «hitz egitea», eta dialogatzea. Hitz egingo dute, erabakitzen badute ez zaiela komeni gu euren inperioan izatea. Inperioko puska bat galdu duenero trauma eragin dio Espainiari.

Nazioarteak nola hartuko luke Katal­unia independiente bat? Eta ze ondorio izango lituzke Kataluniarako bertarako?
Nazioarteko egoera da guk ima­ginatu dezakegun errealismo gordinenekoa. Gaur egungo inongo Estatuk ez du esango etorkizunean Katalunia (edo estatu nafarra) onartuko dituenik. Hor laguntzarik ez da izango seguruenera. Horrela­koe­tan ez dago beste auke­rarik: norberak berea egin, eta bere buruari laguntzea. Eta geure kasuan, bi nazio geranez inperio beraren barruan, elkar hartu behar genuke nolabait, baina zail ikusten dut.
Baina aldi berean, behin independentzia sendo deklaratuz gero, nazioarteko errealismo horrek berak segituan onartzen du. Esloveniari begiratu besterik ez dago.

Katalunia pauso bat aurrerago al dago hemen gaudena baino?
Neurri batean aurrerago daude. Katalunian debate osoa independentziari buruz egiten ari dira. Hemen nahastuago gabiltza, beste hainbat arazori buruz ari garelako: presoena adibidez, edo bigarren mailako besteren bat, hondakinak eta abar. Kontua da, indarrez ekin behar zaiola berez helburu demokratikoena denari: independentzia lortzeari.
Kataluniarrek inbidia digute gauza batean, horretan be­raiek baino gehiago baikara. Gauza bat lortzeko zenbateraino entregatzen garen hemen, gizarte mugimendua ez da geratzen hemen.

Irakurri izan dizugu, Kataluniako ereduak ez duela balio honako. Zergatik?
Nazio bakoitza ezberdina izaten da historiatik hasi, memoriatik segi, eta egunerokoraino. Ez dago eredu bat denentzat balio duenik. Bakoitzak berea idatzi behar du. Besteen garaipenak eta porrotak kontuan hartzea ona da, gai baldin bagara bere kontestuan ulertzeko.

Zuk Nafarroan ikusten duzu bidea, independentzia baterako, alegia, ´bide nafarra´ defendatu izan duzu etorkizuneko estatu independiente baterako. Azalduiguzu…
Luzea den arren, laburtzen saiatuko naiz, hiru puntutan: 
1.- Gizarte bat (nazioa) men­­pean badago, memoria historikorik gabe, kondenatua dago menperatzailearen na­zioan sartzera. Historiaren errelatoa beharrezkoa du nazio batek. Ez badauka, etsaiarena onartuko du.
2.- Gizarte batek (nazioak) noizbait Estatu bat eduki badu, argumentu on bat dauka es­kuartean. Estatuak funtzio bat izaten du, gizartea nazionalizatzea. Nafar Erreinuarekin horixe gertatu zen hemen. Hori mantendu egin da gugan, eta independentzia haren kondar gisa geratzen zaigu gure foru sistemarekin.
3.- Nafarroa ardatz izateak etorkizuneko euskal Estatuan lurraldetasun arazoak konpontzea lekarke, hainbat konkisten ondoren sortu zaizkigun arazoak.

Aukera jarriko balitzaie, zer bozkatuko lukete euskaldunek?
Uste dut bozkek, okupazioaren eta zatitzearen bidez osatutako sistema politikoaren barruan emandako bozka guztiek, bat ere indarrik ez dutela independentziarako bidean. Aske garenean soilik bozkatu ahal izango dugu askatasunez. Indepen­den­tzia erabili egin behar da, bizi, baliatu.
Estrategiaren bat markatzeko gai bagara independentziarako bidea egiteko, orduan bai, errekurtso taktiko guztiak erabili ahal izango ditugu hartarako, eta baita hauteskundeak ere. Baina independentzia inoiz ezin da egon hauteskunde kontrolatu batzuren baitan.

KRONIKA.NET 2013/12/15