19 diciembre 2013

MINISTROAREN HITZAK

Eztabaida garratz batek astindu du Nafarroa Garaiko agenda publikoa. Guardia Zibilak inolako frogarik gabe ETA euskarazko D ereduan infiltratu dela baieztatzen duen ikerketa filtratu du. Adibide gisa, Iturramako institutua.  Konspirazioaren teoria, ikuskizun mediatiko eta borraren politikaren zerbitzura jarria. Uxue Barkosek Espainiako Parlamentuan azalpenak eskatu ditu eta Jorge Fernández Díaz Barne ministroak honela erantzun dio: bere gobernua legegintzako hainbat neurri aztertzen ari omen dela “irakaskuntza ETAren fanatismo terroristaren zerbitzura jarri nahi dutenek bereganatu eta beraien errelatoarekin historikoki benetan gertatu dena itxuragabetzea ekiditzeko”.

Adierazpen gaizto hauek sortu duten kritika uholdea ministroaren erantzunaren lehen segmentuan zentratu dira. Baina Fernándezek esanak bi enuntziatu ditu, “eta” juntagailuari esker batzen direnak, eta hortaz plano berdinean aurkitzen direnak: ETAren infiltrazioa eta errelato historikoaren desitxuratzea.

Jakina da ETAren aitzakiaz edozer eta edonor kriminalizatzeko azpijokoaren tradizio sendoa. “Dena da ETA” lelopean alderdi politikoak, artistak, tabernak, komunikabideak eta baita dantza eta kanta egiten duten pailazoak ere zaku penalean sartu dituzte. Are gehiago, 36an Nafarroako eskola maisuekin areketan egindako “garbiketaren” oroitzapena gogoan, aipatutako ikerketari buruzko amesgaizto maltzurrak sortzen zaizkio bati. 

Prebentzio eta osasun demokratikoaren jarrera hartuta, kezkatzeko arrazoiak ugari dira:

  • Ez dago jakiterik delako ikerketa hori epaile baten aginduz egin den, arrazoi edo salaketaren bat medio. Guardia Zibila (Barne Ministerioa?) bere kasa dabilen agente politiko gisa agertzen zaigu. 
  • Guardia Zibilak beraien jarrera ideologikoagatik eta pentsatzeko moduagatik zelatatu ditu irakasleak, ez da inon inolako delituren zantzurik.
  • Ikerketa txostena ez da argitaratu; inork ez ditu ikerketaren nondik norakoak ezagutzen; susmo eta amen-omenak dira nagusi. Inork ezin du bere burua defendatu edo gertatua salatu. Zurrumurrua ekintza legegile gisa erabili da (ministroak eman baitu honen berri).
  • Irakaskuntza eredu bakarra kriminalizatzen da, doktrinamendua praktikatzen duten beste asko bere horretan utziz: ikastetxe erlijiosoak, Opus Deirenak, adibide garbi bat aipatzearren.
  • D eredua zelatatzerakoan euskararen mundua kriminalizatzen da oro har, zeharka, baina esplizituki.

Hala eta guztiz ere, kritika guztiak euskararekiko erasoan eta D ereduko irakasleei egin mehatxuan zentratu dira. Barne ministroak Uxue Barkosi eman erantzunaren bigarren zatia oharkabean pasa da. Emendiozko perpausa bat erabiliz, terroristak ikasgeletatik kanporatu nahi dituela eta haiek historian gertatu denaren errelatoa egin dezatela ekidin nahi duela dio.

Ikuspegi zorrotz batetik, ezin dira irakasle “terroristen” presentzia eta hauek ikasgeletan historia eta memoriari buruz irakatsi dezaketena alderatu.  

Demagun kriminal konbiktu batek literatura ingelesa irakasten duela, eta beste pertsona batek, printzipioz deliturik egin ez duenak, ikasgai bera irakasten duela. Batak eta besteak Shakespeare-ren teatroa eta poesia azaltzeko gaitasun bera izango lukete, ongi ala gaizki, errudun edo errugabe kondizioak zer ikusirik ez duelako. Delitugilea izateak ez du pertsona bat zerbait irakasteko ez gaitzen.

Baina aferak beste ñabardura bat hartuko luke Swift edo Joyce azaltzeko bi irakasle ezberdin erabiliko balira, biak errugabeak, baina bata irlandarra eta bestea ingelesa. Jakina da bi idazleak irlandarrak direla eta bertako problematika landu zutela beraien obratan. Aipatu bi irakasleek egingo luketen analisia oso ezberdinak izango litzateke, bakoitzaren jatorriak sortutako  “aurreiritzien” ondorioz.

Ministro espainolaren hitzek gure herriaren errelatoa kontrolatzeko borondatea ezkutatzen dute. Are gehiago, aginte gorenak adierazi du nahi hori, eta kontrol penaleko tresnak (Guardia Zibila kasu) eta “terrorismo” delituengatik epaitzeko mehatxuak erabili ditu horretarako. Laburbilduz: errepresio-bidea.

Estatuaren neurri hertsatzaileen oinarrian errelatoaren eztabaida dago. Historiaren narrazioa, eta honek dakarren oroimen historikoa gobernuko agintarien kezka nagusia bihurtu da. Balizko errudunak terroristak direla esatea kriminalizazio hutsa besterik ez da, poliziak gai honetan esku sartzeko aitzakia.

Baliteke ere errelatoaren ardura hasieratik hor egon izana, eta arreta makiaveliko batek gidatua orain arte azaleratu ez izana; inor ez dadin errelatoaren garrantziaz ohartu. Zoru etikoaz hainbeste mintzatzen garen honetan, historia argumentuzko zorua dela esan dezakegu, errealitate sozial jakin bati buruz jendeak duen sentimenduaren euskarria. Uste sendoen, leialtasunen, jarreren… iturri da historia. Leialtasunen argamasa. Herriaren ikuspegia adierazten du narrazio jakin baten bitartez, eta subjektuak, pertsonaiak, gertakariak, errudunak eta interpretazioak definitzen ditu.

Bien bitartean, ez diogu eztabaida honi anekdotaz haraindi usaia hartu. D ereduaren kriminalizazioa salatzen dugu, bai; euskararen jazarpena eta errepresioa akusatzen dugu, bai; baina ez gara oraino ohartu ororen gainetik ministroa gure memoriaren eta errelatoaren jaun da jabe egin nahi dela. Eta berau monopolizatzeko indarra erabiltzen du. Esandakoa, ez diogu usaina hartu ere egin. 

Angel Rekalde / Luis María Martínez Garate

No hay comentarios: