Basamortuko
zeharkaldi baten modukoa zen. Bazirudien ezin amaituzkoa zela, eternoa.
Jainkoaren madarikazio baten modukoa. Baina, dirudienez, zerbait mugitua da,
eta arrakalatzen hasia ezin eraitsizkoa zen harresi bat. Bob Dylanek duela
berrogeita hamar urte baino lehenago kantatzen zuen bezala (1963), «aldaketa
aro da hau, lagun». Bederen, Nafarroa Garaian.
Aspaldidanik
giroan zebilen aldaketa bat da. Nabarmena izan da sumindura, antzemateko
modukoa, eta etsipen kolektibo halako bat, eguneroko bizimoduko gertaera eta
gertakari zenbait direla-eta, baina ez gatzgabeak eta ez garrantzigabeak,
baizik eta gizartearen hurbileneko tasunarekin zerikusia dutenak. Horixe sumatu
dugu mespretxuz gobernatu izan dutelako (legeak ematean, ezartzean,
bideratzean…), besteak beste, euskararen erabilera, gure seme-alaben hezkuntza,
gure lurraren zonifikazio kultural eta identitarioa, eta hala tratatu
dituztelako gure ondasun historiko, arkeologiko eta ondarezkoak ere, eraitsi
eta hondakindegi bihurtzeraino, itzulbiderik gabe, eremu kalteberak izanagatik.
Baina sumatu dugu, halaber, formetan, autoritarismoan, jazarpenean, gatazketan,
debekuetan, aurrekontu politiketan...
Sumindura
horrek kontzientzia hartze bat ekarri izan du, eta horrek areagotu egin du
agintarien eta herritarren arteko arrakala. Iraintzat hartu dugu, esate
baterako, gure euskal hizkuntzaren grafiarekiko mespretxua, toponimia izenak
ezabatu izana, eta hedabide euskaldun batzuei lizentziak ukatzea atergabe, hala
nola Euskalerria irratiari. Zer esanik ez Gazteluko plazako bidegabekeria,
hango altxor arkeologikoa suntsituta, fusilatuen eta desagertuen memoria
historiarekiko sentiberatasunik eza, delitu egiterainoko moduan tratatzea
memoriarako hainbat toki, hala nola Errege-Erreginen Jauregia eta Ezkabako
gotorlekua! Banderen gatazkak, hainbat gizarte mugimenduren jazarpena
(Aranzadiko baratzeak eskatzea, Euskal Jai bertan behera uztea…); hori guztia,
hain zuzen, gobernatzeko estilo bihurtua zuten, eta horrek berekin zekarren
biztanleen sektore handi baten bazterketa, eta nafar izateko eta nafar
nortasuna barneratzeko modu baten kontrako apartheid-a.
Ustelkeriak
erabat zipriztindu du gobernatzeko modu hori, eta beste bidegabekeria batek
utzi digu hori agerian: CAN Nafarroako Kutxaren likidazioak. Erakunde
kaudimendun bat zen, eta «Foru Erkidegoak» bere esku zuen finantza baliabide
propio bakarra. Nafarroako Kutxaren eskandalua hain da izugarria eta
zaratatsua, ezen bitxia baita are eta garestiago ez ordainarazi izana oraindik
haren errudunei.
Heldutasun
politikoa erdietsia du, hain zuzen, euskarazko prestakuntza izan duen eta
ondare erreferente propioak ere nahiko aise eskuratuak dituen belaunaldi batek,
nahiz eta horretarako eragozpen latzak ezarri izan
dizkioten Trantsizioderitzon aldi osoan foru gobernua gidatu dutenek, 36ko
gerrako garaipenaren oinordekoek.
Belaunaldi
aldaketa bat sumatzen hasia da, baina baditu beste alderdi batzuk ere. Ez da
zerutik behera eroria mirari baten moduan, ez ustekabeko meteorito baten
moduan, baizik eta umotzen ari den fruitu baten moduan.
Pentsamolde
berri hori eratzen, berriz, eragile askok lagundu dute, ez gutxi-gutxik, baina
horietako bat dugu boluntario eta ikastunen talde handi baten ahalegina,
erregimena zalantzan jartzeraino jardun baitira kontzeptu hau oinarritzat
hartuta: Nafarroa ardatz politiko duen Euskal Herria. Horrek bere aztarna utzi
du gure kulturan, memorian, ondarean eta beste hainbat inguruabarretan. Alde
horretatik, Iruñeko alkate berria, Joseba Asiron, zuzendari lanean aritu zen Nabarraldek
2010ean, 2011n eta 2012an antolatu zituen biltzarretan, Gaztelaren 1512ko
konkistaren 500. urteurrena zela-eta egindakoetan. Egiteko horretan, ezbairik
gabe, pertsona aditua eta gailena izan da Asiron.
Espainiako
sistema politikoa, hain zuzen ere, helburu jakin batekin pentsatua dago:
aldaketa egiturazkoak eragoztea, hau da, haien benetako buruzagiek —zeinak ez
baitira, nahitaez, gobernuak daudenak— Estatu deritzoten horren
aldaketa eragoztea. Nafarroa, Euskal Herriko ardatz historiko eta politiko den
heinean, «Estatuko auzia» izan da haientzat, eta hala da oraindik ere. Aurrez
ikustekoa da, beraz, eragozpen izugarri batzuei aurpegi eman beharko dietela
Iruñeko Udala eta Foru Erkidegoko gobernua osatuko duten horiek.
Ondo
baino hobeto dakigu independentziak, Estatu propio bat izateak ekar
diezaiokeela benetako normaltasuna nazio konkistatu eta menderatu bati, baina
aldi hain luze honetako itolarria, negazionismoa eta autogorrotoa ezin
eramanezko bihurtuak zitzaizkigun halakorik pairatu behar izan dugunoi.
Lerro
hauen bidez, animoak eta zorionak eman nahi dizkiogu Joseba Asironi, Iruñeko
alkate berriari; oraingoz, bederen, nafar guztion hiriburu sinbolikoa izan
behar du Iruñeak, bai eta euskal biztanle guztientzako erreferentea ere,
ekialdekoentzat zein mendebaldekoentzat, iparraldekoentzat zein
hegoaldekoentzat. Beste hainbeste opa diogu Uxue Barkosi ere, Foru Erkidegoko
presidente gisa; izan ere, izen horrekin edo denon artean erabakitako besteren
batekin bihurtu behar du Estatu independente, gure ustez, Nafarroak.
Zorioneko
gaude nafar guztiok, euskaldun guztiok. Adorea eta pertseberantzia, horixe opa
diegu Barkosi eta Asironi.
(Erredakzioan
itzulia)
No hay comentarios:
Publicar un comentario