16 agosto 2014

ZILEGITASUNIK GABEKO LEGERIAK

Labur aritu nahi dut. Hau gogoeta bat da, atzerrian aitortu gabeko kontuak zituela-eta Jordi Pujoli eginiko kritika zorrotzen gainean egina. Testu honen xedea ez da Jordi Pujolen alde egitea; mendean gaituzten parametro linguistiko eta ideologikoen inguruko gogoeta bat da, besterik gabe. Ez dut Pujol zuritzeko asmorik, atzerrian zituen diruak ogasun publikoari aitortu ez zizkiola eta. Kontzeptu biek hein batean barnean zer hartzen duten azaldu baino ez dut egingo.

Hasteko eta behin, ogasun publikoa. Arrotza zaion Estatu baten mende dagoen nazio batek ez du ogasun publikorik. Eta Estatu hori, arrotza bakarrik ez: oroz gain, arerioa zaio —zerga espoliazioari erreparatu besterik ez dago; inperioko agenteen neurriek ere erakusten dute; besteak beste, Montoro eta konpainiaren neurriek—. Ogasunak izen hori eramatekotan, nazioak Estatu propioa eduki beharko luke, eta Ogasun bat bere zerbitzura. Espainiako Ogasunari ez pagatzea, hortaz, ogasun publikoari iruzur egitea ote, Kataluniak ez badu ogasun propiorik?

Bigarrenik, zer da atzerria delako hori? Nire ustetan, Kataluniari dagokionez askozaz atzerritarragoa da Espainia, Andorra baino. Parametro nazionaletatik begiratzen badugu, Kataluniarentzat eta gure herrialdearentzat, Espainiako Estatua da benetako atzerritarra eta espoliatzailea. Zilegitasun propioaren aldetik, delitua al da haiei ez pagatzea?

Badugu adibide bat, gertukoa espazioari dagokionez eta ez hain urrunekoa denborari dagokionez: intsumisoak. Espainiako armadari intsumiso agertzea Espainiako gizarteari iruzur egiteko era bat zen. Armada zerbitzatzea beti hartu izan da gizartea zerbitzatzearen parekotzat; hura zerbitzatzeari uko egitea hari iruzur egiteko era bat zen. Norbaitek erantzun diezadake esanez gure intsumisoak, edo katalanak, beren gizartearekiko guztiz solidarioak zirela eta denetariko lan sozialak egiten zituztela. Bada, ados nago horrekin. Baina ez zuten zerbitzatzen armada atzerritar bat gerra eginkizunekin.

Zein printzipiori jarraikiz hitz egin daiteke iruzurrari buruz bakarrik diruaren zentzuan hitz egiten denean, ez bada «diruaren zentzu gurgarriaren» printzipioari jarraikiz, zeinari buruz Ramiro Maeztu arabarrak —arabar faxistak— hitz egiten baitzuen? Adiera hori bere-berea du zibilizazio judu-kristauak, zeinetan hezi garen, eta harekin zerikusia duen oro balioesten du, neurriz gain. Sexualitatearekin ere antzeko zerbait gertatzen da, baina hori beste kontu bat da.

Ezer gutxi dakit Pujolek frankismoaren garaian —baita haren erregimenak preso zuela ere— eta ondoren Kataluniaren alde egin zituen sakrifizio pertsonal eta ekonomikoen kostu pertsonalari buruz, baina, nire ustez, horren diru balioa ez litzateke hutsala izango, dezente handia baizik. Espainiako Ogasun publikoak ez du sekula ere aitortuko kostu horren balioa. Aitzitik, kostu hori gehitu egingo lioke, ahalko balu, berekiko dituen obligazio ekonomikoen zorrari.

Testu honen asmoa ez da Jordi Pujol errugabetzat jotzea, baizik eta gogoeta egitea mendekotasunaren testuinguru politikoak markatzen dizkigun irizpideei buruz. Jakin al dezakegu Pujolek eta haren familiak berdin jokatu izango zuketen Estatu katalan independente batean? Nire iritziz, egin dizkioten kritika gehienak, izan Kataluniatik zein beste toki batzuetatik, abiaburu dute «Espainiaren batasuna» delako aldez aurretiko ustea, eta ongiaren eta gaizkiaren gainetik funtzionatzen duen «Espainiako Estatu» baten existentziarena, zeinak herritar guztiei berdin ematen baitie zerbitzua. Premisa faltsua, argi eta garbi.

Arazo nagusia da bai Jordi Pujol eta bai, oro har, Kataluniako Printzerriko politika mundua azalduriko premisen barruan mugitzen direla. Uste dute Espainiako Ogasunari ez pagatzea, espoliatzen eta lapurtzen dieten horri ez pagatzea, iruzur delitua dela. Uste dute, gainera, Andorra, hizkuntza ofizialtzat katalana duen Estatu bat, Espainia baino atzerritarragoa dela. Lehendabiziko emantzipazioa mentala da.

No hay comentarios: