2014ko martxoaren 25ean Auzitegi Konstituzionalak
emandako sententziak, Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilaren 23an
egindako Subiranotasunaren Adierazpenari dagokionak, arazoa ongi zehazten du
eta gauzak argi eta garbi azaltzen ditu.
Lehenik, Kataluniako Parlamentuak zioenari
(“Kataluniako herria bada, legitimitate demokratikoko arrazoiengatik, subjektu
politiko eta juridiko subiranoa”) ezezko biribila ematen dio. Ez dago herri
kataluniarrik, ondorio juridiko edo politikoetarako. Izan ere, hauxe dio
sententziak: “Oraingo ordenamendu konstituzionalean herri espainiarra soilik
bada subiranoa, eta esklusiboki eta modu zatiezinean da hala, botere publiko
batek ezin dio aitortu subiranotasunik Estatuko beste subjektu edo organo bati
edota herri horren zati bati”. Eta gaineratzen du inork ez duela ahalmenik
“bere borondate hutsez, nazio espainiarraren batasun zatiezina hausteko”.
Garbiago, ezin. Egon daitekeen subjektu bakarra herri espainiarra da, nazio espainiar
zatiezinean hezurmamitzen dena.
Bigarrenik, sententziak “Kataluniako herritarren
erabakitzeko eskubideari” dagozkion aipamen batzuk jasotzen ditu. Hori horrela,
hau dio: “Konstituzioaren baitan, autonomia-erkidego batek ezin du
aldebakartasunez autodeterminazioari buruzko erreferendumik antolatu, Espainian
integratu ala ez erabakitzeko”. Hala ere, “irekita” geratzen da “erabakitzeko
eskubidea arautzeko elkarrizketa politikoaren” bidea. “Konstituzioaren
erreforma eginez gero, guztiz irekita geratzen da”.
Hirugarrenik, hausnarketa txiki bat egin nahi dugu
gure aldetik, Euskal Herritik, Nafarroatik, Estatu propioa eta independentea
lortzeko dugun borondatea abiapuntutzat hartuta (hori baita kontua, bai
Katalunian, bai hemen). Benetako egoerari begiratzen diogunean eta Estatu
espainolak bere menpean dituen nazioen burujabetza (beren estatua) onartzeko
duen erresistentzia ikusten dugunean, zertaz ari gara? Ez gaitzaten itsutu
diskurtsoek eta ideologiek. Ustez erregimen demokratiko batean gaude eta, beraz,
demos-a da, herria, erabakitzen duena. Hori aitortzen da sententzia
horretan. Tranpa, baina, nagusikeriaren eta zapalketaren erregimen honetan,
“demos” edo herri horren definizioan datza. Nirea, dio Auzitegiak, espainola,
da herria; horrek balio du; Zurea,
euskalduna, kataluniarra, ez da hala.
Beraz, eztabaida, politika errealean gatazka izango
litzatekeena, ez dago “erabakitzeko eskubidea” delakoan, baizik eta subjektu
politikoaren definizioan, subiranotasunaren subjektua izango litzatekeen
horretan. Katalanek garbi ikusi dute, eta horregatik lan egin dute bere burua
ekintza politikoaren subjektu gisa ikusten duen kolektibitatea sortzeko (baita
lortu ere). Gu berriz, oztopo demokratikoaren muinari heldu ezinik, noraezean
gabiltza. Tamala da, helburutik urruntzen baikara horrela, denbora eta indarra
galtzen ditugu eta, hortaz, gogogabetuta eta adorerik gabe gelditzen gara.
Hain zuzen ere, Auzitegi Konstituzionaleko epaile
espainolek beti ixten duten bidea da guk egin behar duguna, definizio horren
ondorio dena. Izan ere, independentzia helburu demokratiko bakartzat
planteatzea dakar berekin. Hortxe dago auziaren koxka, argi eta garbi,
tranparik eta trikimailurik gabe.
BERRIA 2014/03/30
BERRIA 2014/03/30
No hay comentarios:
Publicar un comentario