Eztabaida garratz batek astindu du Nafarroa Garaiko
agenda publikoa. Guardia Zibilak inolako frogarik gabe ETA euskarazko D ereduan
infiltratu dela baieztatzen duen ikerketa filtratu du. Adibide gisa, Iturramako
institutua. Konspirazioaren teoria,
ikuskizun mediatiko eta borraren politikaren zerbitzura jarria. Uxue Barkosek
Espainiako Parlamentuan azalpenak eskatu ditu eta Jorge Fernández Díaz Barne
ministroak honela erantzun dio: bere gobernua legegintzako hainbat neurri
aztertzen ari omen dela “irakaskuntza ETAren fanatismo terroristaren zerbitzura
jarri nahi dutenek bereganatu eta beraien errelatoarekin historikoki benetan
gertatu dena itxuragabetzea ekiditzeko”.
Adierazpen gaizto hauek sortu duten kritika uholdea
ministroaren erantzunaren lehen segmentuan zentratu dira. Baina Fernándezek
esanak bi enuntziatu ditu, “eta” juntagailuari esker batzen direnak, eta hortaz
plano berdinean aurkitzen direnak: ETAren infiltrazioa eta errelato
historikoaren desitxuratzea.
Jakina da ETAren aitzakiaz edozer eta edonor
kriminalizatzeko azpijokoaren tradizio sendoa. “Dena da ETA” lelopean alderdi
politikoak, artistak, tabernak, komunikabideak eta baita dantza eta kanta
egiten duten pailazoak ere zaku penalean sartu dituzte. Are gehiago, 36an
Nafarroako eskola maisuekin areketan egindako “garbiketaren” oroitzapena
gogoan, aipatutako ikerketari buruzko amesgaizto maltzurrak sortzen zaizkio
bati.
Prebentzio eta osasun demokratikoaren jarrera
hartuta, kezkatzeko arrazoiak ugari dira:
- Ez dago jakiterik delako ikerketa hori epaile baten aginduz egin den,
arrazoi edo salaketaren bat medio. Guardia Zibila (Barne Ministerioa?)
bere kasa dabilen agente politiko gisa agertzen zaigu.
- Guardia Zibilak beraien jarrera ideologikoagatik eta pentsatzeko
moduagatik zelatatu ditu irakasleak, ez da inon inolako delituren
zantzurik.
- Ikerketa txostena ez da argitaratu; inork ez ditu ikerketaren nondik
norakoak ezagutzen; susmo eta amen-omenak dira nagusi. Inork ezin du bere
burua defendatu edo gertatua salatu. Zurrumurrua ekintza legegile gisa
erabili da (ministroak eman baitu honen berri).
- Irakaskuntza eredu bakarra kriminalizatzen da, doktrinamendua
praktikatzen duten beste asko bere horretan utziz: ikastetxe erlijiosoak,
Opus Deirenak, adibide garbi bat aipatzearren.
- D eredua zelatatzerakoan euskararen mundua kriminalizatzen da oro har,
zeharka, baina esplizituki.
Hala eta guztiz ere, kritika guztiak euskararekiko
erasoan eta D ereduko irakasleei egin mehatxuan zentratu dira. Barne ministroak
Uxue Barkosi eman erantzunaren bigarren zatia oharkabean pasa da. Emendiozko
perpausa bat erabiliz, terroristak ikasgeletatik kanporatu nahi dituela eta
haiek historian gertatu denaren errelatoa egin dezatela ekidin nahi duela dio.
Ikuspegi zorrotz batetik, ezin dira irakasle
“terroristen” presentzia eta hauek ikasgeletan historia eta memoriari buruz
irakatsi dezaketena alderatu.
Demagun kriminal konbiktu batek literatura ingelesa
irakasten duela, eta beste pertsona batek, printzipioz deliturik egin ez duenak,
ikasgai bera irakasten duela. Batak eta besteak Shakespeare-ren teatroa eta
poesia azaltzeko gaitasun bera izango lukete, ongi ala gaizki, errudun edo
errugabe kondizioak zer ikusirik ez duelako. Delitugilea izateak ez du pertsona
bat zerbait irakasteko ez gaitzen.
Baina aferak beste ñabardura bat hartuko luke Swift
edo Joyce azaltzeko bi irakasle ezberdin erabiliko balira, biak errugabeak,
baina bata irlandarra eta bestea ingelesa. Jakina da bi idazleak irlandarrak
direla eta bertako problematika landu zutela beraien obratan. Aipatu bi
irakasleek egingo luketen analisia oso ezberdinak izango litzateke, bakoitzaren
jatorriak sortutako “aurreiritzien”
ondorioz.
Ministro espainolaren hitzek gure herriaren
errelatoa kontrolatzeko borondatea ezkutatzen dute. Are gehiago, aginte gorenak
adierazi du nahi hori, eta kontrol penaleko tresnak (Guardia Zibila kasu) eta
“terrorismo” delituengatik epaitzeko mehatxuak erabili ditu horretarako.
Laburbilduz: errepresio-bidea.
Estatuaren neurri hertsatzaileen oinarrian
errelatoaren eztabaida dago. Historiaren narrazioa, eta honek dakarren oroimen
historikoa gobernuko agintarien kezka nagusia bihurtu da. Balizko errudunak
terroristak direla esatea kriminalizazio hutsa besterik ez da, poliziak gai
honetan esku sartzeko aitzakia.
Baliteke ere errelatoaren ardura hasieratik hor
egon izana, eta arreta makiaveliko batek gidatua orain arte azaleratu ez izana;
inor ez dadin errelatoaren garrantziaz ohartu. Zoru etikoaz hainbeste
mintzatzen garen honetan, historia argumentuzko zorua dela esan dezakegu,
errealitate sozial jakin bati buruz jendeak duen sentimenduaren euskarria. Uste
sendoen, leialtasunen, jarreren… iturri da historia. Leialtasunen argamasa. Herriaren
ikuspegia adierazten du narrazio jakin baten bitartez, eta subjektuak,
pertsonaiak, gertakariak, errudunak eta interpretazioak definitzen ditu.
Bien bitartean, ez diogu eztabaida honi anekdotaz
haraindi usaia hartu. D ereduaren kriminalizazioa salatzen dugu, bai;
euskararen jazarpena eta errepresioa akusatzen dugu, bai; baina ez gara oraino
ohartu ororen gainetik ministroa gure memoriaren eta errelatoaren jaun da jabe
egin nahi dela. Eta berau monopolizatzeko indarra erabiltzen du. Esandakoa, ez
diogu usaina hartu ere egin.
Angel Rekalde / Luis María Martínez Garate