05 junio 2012

PUTXERAZOAREN INGENIARITZA


“Putxerazoa” Errestaurazio garaian ezagun egin zen hauteskunde iruzurra da. Lapikotan eramaten ziren boto-txartelak eta kontsumitzailearen gustura gehitu edo kentzen ziren hautestontzitik. Hauteskundeen sabotajeak tradizio luzea du Espainian. José Antonio Primo de Riveraren hitzak errepikatuz: “apurtuak izatea da hautestontzien patu noblea”.

Egun hauetan, nahasmen berri bat proposatu zaigu hauteskunde ingeniaritzan. Baskonia hegoaldean aplikatu nahi den mekanika politikoaren perbertsio zorrotza. “Putxerazoaren” algebraren alorrean sartu gara berriz ere. Eta formula tradizional honen eraberritzea ekarriko duen osagai maltzurra, hauteskunde errolda aldatzea da.  Alkimia susmagarri honen osagaietako batzuk antzinatik datoz, herrialdearen lurralde banaketa kasu. Beste batzuk berriagoak dira eta hautesleriaren zati handi baten desagertzea dakarte: alderdi politikoen legez kanporatzeaz ari gara. Oraingo honetan berriz, hauteskunde erroldari 300.000 hautesle gehitzea da asmoa (errolda nabarmenki aldatuz), eta horretarako “ETAren indarkeriak” bultzatuta alde egin zutela erabiliko dute aitzaki gisa. Erroldari %13a gehitzea ekarriko du honek.

Funtsean, Estatu espainiarraren tradizio demokratiko ezak ahalbidetzen ditu era honetako burutazioak. Eta hau elkar elikatzen diren bi planotan adierazten da. Espainiar gizarteak kultura demokratikoaren gabezia erabatekoa erakusten du; ¡Vivan las caenas! tradizioa gogoratzea besterik ez dugu honetaz ohartzeko. Edozein gizarte demokratikoan pentsaezinak liratekeen ekintzek ez dute inolako zigorrik edo gaitzespenik eragiten Espainian. Egunkarien itxiera, alderdi politikoak legez kanporatzea, torturak... jendartean inolako artegatasunik eragin gabe gertatzen dira. Gobernuak nahi erara aritzen dira hiritarren onarmen pasiboa dutelarik. Lege berriak asmatzen dituzte eta daudenak lotsagabeki urratu inolako zigorrik jaso gabe.

Errealitate hau ez da aldian aldikoa, edo egoera puntualei loturikoa. XIX. mende hasierako absolutismo monarkikotik datorren errealitate estrukturala baizik. Estatu kolpeak edo indar armatuek Estatuaren antolakuntza politikoari emandako babesa etengabeak izan dira. Militar talde batek euskaldunon oroimen leku batean egiten ditu trebatze ariketak eta hemen ez da inor lotsaz gorritzen. Guardia Zibil patruila batek egunkari bat eraso dezake, informeak moldatu eta betirako itxi. Eta gerora guztia faltsukeria bat izan dela onartzen bada ere, okerra egina dago, itxiera betierekoa da, eta ez dago inolako kalte ordainketarik.

Larria dena berez ez da putxerazoa, berau sostengatzen duen sistema ustela baizik. Hartara, ezaguna dugu espainiar sistema politikoaren tradizio iruzurtia.  John F. Kennedyk halaxe erantzun zuen herrialde batek demokratiko izateko zein baldintza behar dituen galdetu ziotenean: “Prentsa askatasuna, botere banaketa, hauteskunde libreak”. Hauetako bat bera ere ez da ematen Estatu espainiarrean. Botere banaketa, edozein demokraziaren oinarria, ez da inon aurkitzerik. Hizkera arrunta erabiliz: betearazleak legegilea zuzendu, aginduak eman eta batzuetan ordezkatu ere egiten du bere nahietara; judizialaren organoak izendatzen ditu eta bere erabakiak markatu. Batak bestea zuritzen du, godaleta bata besteari pasatu, trileroak bailiran. Bankua beti da irabazle. Humpty-Dumptyk zioen bezala: nork agintzen duen jakitea da garrantzitsuena.

Espainiar Estatuaren Konstituzioa bere unitarismoan eta ezberdintasunekiko (linguistikoa, kulturala eta abar) erabateko mespretxuan sostengatzen da. Nazio bati, biztanleria homogeneo bati edo paktu sozial bati balegokio bezala. Baina nazio nafarraren, galiziarraren edo katalanaren indarkeriazko konkista eta asimilazioaren aurrean ezin dugu ezjakinarena egin. Espainiarra bezalako Estatu plurinazional batean ez dute balio XXI. mendeko demokraziaren planteamenduek (Will Kymlicka edo Ferrán Requejo katalanak azaldu duten bezala).

Requejok aditzera ematen duenez, ikuspegi liberal eta demokratikoek aurkeztutako printzipio orokorrek zalantzarik planteatzen ez duten arren, “markoak” zenbait zailtasun agertzen ditu. Hirugarren aukera bat behar da.

Requejoren esanetan klabe nazionalak zehazten du zein talderi aplikatuko zaion logika liberal eta demokratikoa. “Paradoxikoki, gai hau ez dago batere aztertua. Harrigarria dirudi teoria demokratikoen gehiengoak “demos” legitimoaren teoria ez azaltzea. Muga legitimoen teoria egituratuak behar ditugu. Galdera hauei erantzuna ematen dieten ikuspegiak ez dira liberalak edo demokratikoak, nazionalistak baizik: nazioak osatzen du “demos”-a. Eta estatu guztiak dira nazionalistak. Baina testuinguru plurinazionaletan nazioari buruzko balio eta ideia kontrajarriak ematen dira, eta hauek ikuspegi liberal, demokratiko eta nazionalaren artean interferentzia berriak sorrarazten dituzte.  Zentzu honetan, ulergarria da berezko estaturik ez duten nazioen “demos” horiek (Eskozia, Quebec edo Kataluniaren kasuan esaterako) demokrazia liberal propio bat sortu nahia. Talde nazionalen bereizketarako eskubidea demokrazia liberal “aurreratuen” fintasun moral eta instituzionalaren parte da”.

Egungo sistema polítiko espainiarrak “demos” euskalduna desagerrarazten du (frantsesak egiten duen bezala). Requejok darabilen zentzuan, “demos” nafarra baztertu egiten da, nazio euskalduna babesik gabe geratzen da, eskubiderik gabe: ez politikoak eta ez eguneroko errealitatearen eraikuntzatik eratortzen direnak, linguistikoak edo kulturalak kasu. “Demos” hauen onarpen ezak (euskalduna edo katalana adibidez) sistema hauen errotiko demokrazia falta uzten dute agerian.

Demokrazia moderno batek “kotoiaren froga” gainditu dezan – hau da, demokrazia legitimo gisa onartua izan dadin – “demosaren” izatearen eskubidea (eta horrek dakarren ondorio politiko guztiak, hots, independentzia politikoa eta berezko Estatua) onartzea ezinbesteko elementua da. Elementu honen gabezia da hain zuzen antolamendu espainiarraren izaera definitzen duena: elementu absolutista, autoritario, militar, judizial, ustelen nahaste-borrastea. Eta elementu antidemokratiko hauek guztiek daramate putxerazoaren ingeniaritza indarrean dagoen sistema politiko gisa ezartzera.

Angel Rekalde / Luis María Martínez Garate

No hay comentarios: