25 septiembre 2011

NO MAN’S LAND?

Bizi garen Mendebalde honetan ez dago “inorena ez den lurralderik”. Ez dago estatuez landako herririk. Euskaldunok, magiarrak, lusoak, bretoiak edo Europako beste edozein talde etniko bezalaxe, Estatu jakin baten baitan bizi gara (hungariarrean, portuguesean edo frantsesean, aipatutako kasuetan). Gurean, bi dira estatu horiek: espainola eta frantsesa. Eta errealitatea tematia da: ez badugu Estatu propiorik, beste bat (beste batena) izango dugu. Beti.

Gaur egun, gure inguru geopolitikoan Estatua eskuduntzak galtzen ari dela diote. Baliteke... Batzuk Estatuaz gaindiko mailetara igaro dira, hala nola sistema militarrekin edo monetarekin zerikusia dutenak. Baina badago gero eta garrantzi handiagoa duen gauza bat, Estatuei soilik dagokiena eta, gainera, migrazio-prozesuekin eta munta handiko beste gai batzuekin lotuta dagoena. XXI. mendearen hasieran, Lurra planetako arazoei demokratikoki eta eraginkortasunez erantzun nahi dien edozein gizataldek gizarte kohesionatua izan behar du, non bere kultura sozial eta politikoaren potentzialitate guztiak adierazi ahal izango diren. Kohesioaren funtsezko elementua taldeen hizkuntza propioa da.

XIX. mendeaz geroztik batik-bat, estatuak dira identitate-sortzaileak. Estatu multinazional baina praktikan elebakar, etniabakar eta unitarioetan, euskaldunoi pairatzea egokitu zaizkigun haunetan adibidez, gizarte bat eratzen duten hizkuntzaren, historiaren bertsioaren eta, beraz, gertakari eta lekuei lotutako oroimenaren bitartez inposatzen den identitatea nazio menperatzailearena da.

Talde etorkinen ezaugarri etniko eta erlijiosoak mantentzeko, baina harrerako gizarteak bere osotasunean dituen arazoak konpontzeko inolako kolaborazio-gaitasunik gabe, guettoak sortu dituzten politika “multikulturalek” izan duten porrota ikusita, agerikoa da kohesio-tresnak kontrolatzeko eta eraginkortasunez erabiltzeko beharra. Horretarako dago Estatua. Bera da etorkinen kultura eta balioak gizarte osoan demokratikoki, positiboki eta ahalik eta gatazkarik txikienarekin txertatzea berma dezakeen bitartekoa.

Duela egun batzuk (2011/09/11) Berrian agertu zen “Euskal estatuaren ezinak eta nahiezak“artikuluan, Pablo Sastrek zioenez, bihar Estatu bat “izatearekin, deusetan ez gara abantzatuagoak edo hobeak izanen”. Jarrera etsikorra eta politikoki okerra da hori. Edozein Estatuk ditu bere arriskuak, jakina, baina Sastreren iritzia kontserbadorea da oso: “Ezagutzen ez dan ona baino, ezagutzen dan txarra hobe”. Horixe da artikuluaren egileak inplizituki egiten duena Espainia edo Frantzia aukeratzean (ezagutzen den txarra), konkistatzeke dagoen onaren ordez.

Batzarreen eta auzolanen herria bagara, nekez onartuko dugu gizartearen beraren zerbitzura ez dagoen Estatu propiorik. Ez da onargarria hipotesirik txarrena ontzat ematea eta, Sastrek dioen moduan “Estatu propioak, ez bakarrik ez liguke zertan geure eskuko izaten lagunduko, baina, herria (nazioa) behin-betikoz bere menpe jarriko luke”. Espainiak edo Frantziak “gu geu izaten” uzten digute nonbait! Bertako gizartearekiko mesfidantza horrek jarrera kontserbadorea estaltzen du halaber. Ezkerrrak ez dio inoiz beldurrik izan herriari eta, halakorik sentitu duenean, ezkerra izateari utzi dio, menperatzaile izateko.

Bereziki zoritxarrekoa da “bagarelako gara” esatea; izan ere, fribolitate tautologikoa izan daiteke, edukiz hustua, Jaime Ignacio del Burgoren “Navarra es Navarra” haren modukoa, edota esentzialismorik zaharkituenaren erakusgarria. Sastreren arabera, izaki soziala berezko esentzia da nonbait, aldaezina, eta errealitate kolektiboa ez litzateke eraikuntza soziala izango, nazionala kasu honetan, non Estatuaren botereak kulturgabetu eta manipulatu egiten duen eta, batez ere, identitatea sortzen duen.

Artikulu horretan agertzen diren jarrerekin, Espainiaren eta Frantziaren mendetako nagusitasuna sendotu besterik ez da egiten. Estatu independente izateko lan politiko askatzailearen aurrean zalantza eta errezeloa sortzeak oso aspalditik pairatzen ditugun larderiazko egitura menperatzaileen alde egiten du. Benetako borroka aurrerakoia, hemen eta orain, independentzia ahalik eta lasterren lortzea da, hain zuzen ere.

Jakina mota guztietako iritziak daudela, baina gai batzuetan errealitate gordinari ezin diogu muzin egin, gustatu ala ez. Errealitate horietako bat Estatuarena da. Estatua tresna menperatzailea izan daiteke, baina baita nolabaiteko askapenarena ere, haren kontrola noren eskuetan dagoen. Botere-egitura delako besteen esku uztea borroka politikoan amore ematea da eta porrota, bazterkeria eta, Sastrek dioen bezala, zirrikituetan bizitzea etsi-etsian onartzea.

Gure kasu zehatzean, bi estatuek euskal gizartean betetzen dituzten funtzioak gure interesen aurkakoak dira. Izan ere, XXI. mendeko euskaldunok nahitaez gara estatu batzuetako kide eta estatu horiek, gure zergak jaso eta gure aurka erabiltzeaz gain (hizkuntz politika eta hezkuntza-sistema, errepresioa, defentsa eta ordena publikoa, propaganda-hedabideak eta beste hainbat...), inbertsio eta laguntza oro kontrolatzen eta bideratzen dute, gurea ez den eta batzuetan zuzenean gure kontrakoa den I+G+b sistema batean.

Hori guztia eta askoz gehiago da Estatuak egiten duena, entitate polifazetikoa, balioanitza eta erabilera anitzekoa baita. Baina, esan dudanez, bada agerikoa den gauza bat: ez dago gizatalderik planeta honetan errealitate horretatik at bizi denik. Gure Estatua behar dugu, hori baita munduan izateko modua gaur egun. Subjektu izatekoa. Gaurkoz, modu bakarra.

Laburbilduz, Sastreren artikuluak arazo soziala eta demokratikoa eta arazo nazionala kontrajartzen ditu, hainbat eztabaida historikotan egin dena; horren ondorioa, dagoen estatusaren apologia egitea izaten da. Gurea eta propioa dena ezin hobea eta guztiz perfektua izan dadin eskatuz, praktikan, besteenarekin jarraitzea hautatzen du, dagoenarekin, Espainiarekin eta Frantziarekin, gure Estatua, nafarra, bere balizko ezaugarri kontraesankor eta problematikoekin bada ere, eraikitzeko aukera baztertuz. Pablo Sastreren artikulua kontserbadorea da, gure ustez atzerakoia, herriaren indarrekiko mesfidantzaz betea eta, tamalez, Euskal Herriaren menpekotasun eta subordinazio-egoeraren defendatzailea azken batean.

Angel Rekalde / Luis María Martínez Garate

BERRIA 2011/09/27

No hay comentarios: