26 septiembre 2009

ARENYS DE MUNTEN GOLA

Irailaren 13an Arenys de Muntek egindako kontsultaren trebetasuna erreferenduma izanen zela iragartzea izan zen. Racó Catalá egunkari digital katalanaren editorialaren arabera: «maniobra bikaina [izan zen]. Izan ere, egia esateko, Arenysekoa inkesta bat baino ez zen, edozein igandetan erabat oharkabean egindako boza izan zitekeen erraz aski. Baina inkesta batek ez zukeen desiotako eragina sortuko. Aldiz, erreferendum deitzeak espainiar histeria ekarri zuen, haitzuloetako brunete mediatikoa piztu zuen, mundu guztia erne jarri zuen, baita espainiar makina juridikoak ere [...] Gainera, Europako eta munduko ehunka berriemaile ikusle harrituarena egiten. Independentismoak bataila mediatiko hau irabazi du».

Zaila da katalan baldintza hauek errepasatzea eta gure errealitatearekin ez konparatzea. Bi prozesu historikoen paralelismoa eta etsai komuna hor daude. Baita ezberdintasunak ere, noski. Aitzitik, Arenys de Muntera zuzendu diren begiradak, maiz, distantziarengatik erlatibizatu dira, eta mespretxu zantzurik ere ikusi da. Ba!, esanen genuke, ezagunak ditugu katalanak; hori ez doa inora.

Gure usterako, ikuspegi motza da, eta beldur gara ez ote den gure miopiak eragindako fokatze okerra. Ez dugu Arenys de Munteko kontsulta oinarrizko zerbaiten sorreratzat hartuko, ez eta estrategia erabakigarri baten hasieratzat ere. Baina ekintza intelektuala izan da, eta gure eguneroko ekimen zarpailak baino abilezia handiagoz egin da (izan ere, Ibarretxe Planetik edozelako ekintza edo talderen ilegalizaziora, agenda ofizialaren zain bizi gara. Gurea jazarpen politika da, erreakzio politika, irudimen eta ekimen falta galanta).

Hasteko, Arenys de Munteko ekitaldiak independentziaren gaia eszenatokiaren erdian jarri du, itzulinguru eta erretolikarik gabe. Independentzia, estatu propioa, hitz larriz.

Hortik zerbait aterako den edo ez beste kontu bat da. Gertakarien arabera izanen da gauza bat edo beste. Baina hori interes katalanen garaipena da, euren helburu estrategikoen ikuspegia, euren borondatearen definizio bat, jokoan dagoenaren gaineko atentzio emate bat.

Aintzat hartu behar den beste puntu bat kontsultaren sostengua da, gizarte zibilean oinarritua baita. Harrak jotako sistema politiko batekin, estatu markoarekin, ongi irakatsitako prentsa batek kontrolatua, erakundeen makineriak ordainduta, legala... Arenys de Munteko ekitaldia bertan deitu izana, gizartearen ekimenetik, garaipen handi bat da.

Arenys de Munteko erreferendumak, bide batez, norbera bere tokian jarri du. Alderdiak, politikariak, kazetariak, sistema judiziala... Espainiar demokrazia lotsagarriaren familia-argazkia eskaini du: PP PSOEren eskutik, epaileak eta Falangea, denak izu eta mehatxu aurpegi berarekin erretratatuak.

Eta, bidenabar, kontsultak antzinako mito xelebreak hautsi ditu: independentzia irrazionaltasunarekin identifikatzea, fanatismoarekin, biolentziarekin, kaosarekin, azarekin...

Arenys de Munteko gizarte jantziak, lasaiak, helduak amorrua eta kaikukeria espainiar unionisten aldera erortzen direla erakutsi du.

Askoz gehiago dagoen arren, kontuan hartzeko derrigorrezko alderdia emaitza da. Ez dela funtsezkoa irakurri dugu. Noski ez dela loteslea, eta ez du balio -oraindik- ezertarako. Baina herritarren % 40 independentziaren alde agertzea izugarrizko ekintza politiko esanguratsua da, non eta normaltasun falta den tokian, espainiar estatuaren presiopean, mehatxu sutila ez den Falangearen presentziarekin, epaileen debekua, Generalitateko presidentearen deskalifikazioa, ohitura falta eta benetako demokrazian aritzeko bermerik ez... horrez denaz gain herritarren zati handi batek erabaki hori adieraztea, beraz, adierazgarria.

Historia hurbilaren pisuarekin gauza hauek honela gauzatzen badira, baldintza aldaketa batekin, edozein aldeko momentutan, behin betikoa izan daiteke bozkatutako aukera.

Birtualtasun hau da Arenys de Muntek antzeztu duena: katalan independentziaren egiazko aukera, arrazionala, tragedia edo saineterik gabe. Ea ikasten dugun

Angel Rekalde , Luis Mª Mtz Garate

No hay comentarios: