Argiaren azken zenbakiak (2009ko abuztuaren 2koak) Nafarroako Konkistaren 500. urteurrenaren (1512-2012) inguruan martxan jartzen ari diren ekimenei buruzko erreportaia dakar (*). Beste zenbaitetan bezala, aukera aprobetxatuz, Argiako kazetariak bihurrera hartu ditu gauzak Nabarralde deskalifikatzeko.
Izan ere, honela amaitzen da testua: “Nabarralderi kritika”. Zorionak. Gure historiarentzat hain tamalgarria izan den 1512ko konkistaren inguruko hausnarketa-kanpaina hori Nabarraldek bultzatu badu ere, Argiarentzat aukera paregabea da, berak hauspotzen dituen bi autoreren deskalifikazioekin, gure taldea barregarri uzteko, haien esanak inondik inora zalantzan jarri gabe.
Adibidez, Juanjo Larrea EHUko irakasleak Nabarralderen lanei egozten dien “naftalina-usaina” du Argiak hizpide. Ez du txintik esaten, aldiz, edonork, unibertsitateko irakasle izan gabe, Larrearen historiografian bertan dosi hilgarrietan aurki dezakeen “hilotz-usainaz”. Historiografia horretan, ongi dakigunez, espainoltasuna dinosaurioen aroan sortutakoa da eta haren produktu historikoaren legitimitatea, bisigodoen garaian (germanikoak izanik, arioak baitziren horiek, goi-mailakoak noski, eta oso estimatuak Espainiako unibertsitateetan). Historiografia hispanikoak besteoi naftalina-usaina hartzea lasaigarria eta guzti izango da bere inguru naturala den zabor-pila kontuan hartuta.
Nabarralderen inguruan hainbat kultur mailatako jendea dabil, neurri bateko edo besteko bertsio militanteak ematen dituztenak, akademikoak baino gehiago, historiazaleak direnak eta historiaren garrantziaz konbentzituak daudenak, kide gartsuak eta ez hainbestekoak. Toki guztietan gertatzen den bezala. Baina Larrea historialariak lan egiten duen eskolan, eskola hispaniko horretan, bilatuz gero, euskal lurraldeetako edozein satelite edo selenita baino askoz kide zaharmindu eta ultra-atzerakoi gehiago aurkitu ahal izango dugu.
Harrigarria da Argian euskal kulturatik katedra espainoleko (EHU kategoria horretan sartzen da) edozein historialariri aipamena egitea, eta harrigarria diot, arlo honetan zintzotasunez eta zentzu kritikoaz egin den ikerketa-lan guztia akademia ofizialetik kanpo egin delako: Campion eta Barandiaran, Jimeno Jurio eta Krutwig, Pierre Narbaitz edo, bide batez esanda, Josemari Esparza, “Navarra: de la esperanza al horror” bere lanarekin, hainbat garai, autore eta gai aipatzearren. Lan handiak unibertsitatetik at egin dira. Aitzitik, ofiziala den guztiak espainolen kontrol ideologikoaren zama izan du gainean, ideiez hain ongi arduratzen den Inkisizioaren oinordekoarena, eta gure kontra aritzeko soilik ikertu da zorrotz.
Hain zuzen ere, horixe da Larrearen kritikaren zentzua (Iruña-Veleiako aurkikuntzen eskandaluan ikusi ahal izan dugun bezalaxe): estatus akademikoaren defentsa. Curriculum ofizialak eta katedrak ezbaian jartzen dituen edozein argudiori aurka egitea eta gerra deklaratzea. Eta Argiak haizea ematen. Berriro ere, zorionak.
Harrigarriak dira, halaber, Santi Leoneri buruzko aipamen errepikakor eta gogaikarriak (kronika honetan eta beste zenbaitetan) eta haren argudioek duten sinesgarritasuna, intelligentsiaren orakuloa bailitzan; gizon horren ekarpen bakarra Nabarralde deskalifikatzea izan da (ziur aski, ate asko ireki dizkion ideia bikaina), eta oroimen historikoa eta ondare kolektiboa gutxiesten dituen “jakintsua” dugu. Ez du merezi abiapuntu horretatik sortzen diren burutazioei buruz polemika sortzeak. Ez dut inor irudikatzen Berlinen, Erroman, Londresen, Venezian, Parisen, Vienan, Pragan... hiri historiko horietan inor ez, hau defendatzen duenik: gure historia ahantz dezagun, gura iragana bazter dezagun, imajina dezagun (besteok imajinatuko ez bagenu bezala) gure herria hemendik aurrera, hau da, zentzugabekeriatik (zentzuak bere jatorria eta bere historia baititu), abstrakzioa eginez gure arazo guztiez, kendu diguten guztiaz, izan garenaz, gure kultura kolektiboaren altxorraz.
Europako kultur munduan ulergaitza izango litzateke halako elementu bat serio hartzea, halako proposamenak publikoki egiten dituena, eta ustez kulturala den aldizkari batek bere orrialdeak hari eskaintzea, baldin eta ez bada feriako txotxongilotzat hartzeko.
Luis Mª Mtz Garate, Angel Rekalde
2 comentarios:
Oporretatik bueltan irakurri dut zuen artikulu hau eta, egia esan, doinuagatik harrituta geratu naiz. Urko Apaolaza Argia-ko kazetariak egindako artikulua kritikatzea normala iruditzen zait, harentzat eta aldizkariarentzat hobe gainera, erantzun lehorte garai hauetan kritikak jasotzea ohoragarria ere izan daiteke eta. Doinua da ez zaidana horren normala iruditzen, batez ere irudikatzen duelako Argia-k Navarralderen aurkako zerbait duela eta hori guztiz faltsua delako.
“Beste zenbaitetan bezala, aukera aprobetxatuz, Argia-ko kazetariak bihurrera hartu ditu gauzak Nabarralde deskalifikatzeko”. Ez dakit zeintzuk diren “beste hainbat” horiek, baina edozein kasutan gure astekarian kazetari eta kolaboratzaile askok idazten dute, kolore eta iritzi anitzekoak, gertaera, jarrera eta iritzi asko goraipatuz, kritikatuz eta salatuz ere bai. Berriz diot, ez dakit zeintzuk diren “beste hainbat” horiek eta aldizkariaren iritzi multzo zabalean egon daitezkeenik ere ez dut ukatzen -ez dut azterketa egin-, baina baleude ere ez zaizkit arraroak iruditzen, Nabarralderekiko ikuspegi kritikoa egon hor dagoelako, aldekoa ere hor dagoen moduan.
Badakidana da Argia-n sarri agertu direla Nabarraldeko edo inguruko jendearen iritzi, elkarrizketa eta erreportai ugari. Gogoan dut “La Navarra Maritima” dela eta, artean oraindik oso gutxi zabaldua zegoenean, Patxi Larrionek eta nik neuk egin genuen erreportai zabala, azal eta guzti . Mikel Soraureni egindako elkarrizketa, Pedro Esarte, 1200eko Gaztelaren konkistei buruzko Larrun, Erlantz Urtasunen erreportaiak, Nafarroaren Estatu ikuspegi horri buruzko iritzi ugariak (alde eta aurka)...
Ez naiz sartuko aipatu ere egiten ez duzuen Urko Apaolaza kazetariari egindako kritikak erantzuten, ez da hori idazki honen nahia, Argia-k Nabarralderen aurka ezer ez duela eta zuen lana erabat begirunez hartzekoa dela adieraztea baita nire helburua. Horrek, dena den, ez zaituzte kritiketatik salbuesten. Bai adierazten dizuet, halaber, Urko Apaolaza kazetaria profesional zorrotza dela eta aipatu artikulu hori ere zorroztasun horretatik landu duela. Santi Leone ere ederto egurtu duzue, zuen eskubidea da eta ez dagokit niri haren defentsan ateratzea, hala nahi badu, berak aski baliabide ditu horretarako. Badagokidana, ordea, zera adieraztea da, bere kolaborazioak bapo estimatzen ditugula Argia-n eta gure irakurle askok jarraitzen dituela haren artikuluak.
Tira, Angel (beste egilea ez dut pertsonalki ezagutzen), noizean behin egiten dugu topo han-hemenka eta orduan aurrez aurre komentatuko ditugu kontuok.
Xabier Letona (Argia-ko zuzendaria)
Niri gustatu egin zitzaidan Urko Apaolazak Argian argitaratu zuen artikulua. Eta orain, zuen kolera piztu duela ikusita, badakit asmatu nuela. Bertan nitaz egin zuen aipamena, ez zitzaidan orakulo bati dagokiona iruditu, baina tira... Hala ere, eta jakinmin hutsez, jakin nahi nuke zein aldizkaritan ematen zaidan horrelako tratamendua, zeren nik, orain arte, goraipamen batzuekin batera kritika (arrazoizko) batzuk baino ez ditut ikusi.
Zuen hitzetan, nire ekarpen bakarra Nabarralderen lana deskalifikatzea izan da. Bueno, gauza batean ados gaude: zuei egindako krikita ekarpena izan da. Baina ez bakarra. Adibidez, elkar ezagutzen ez duen jendeak erran dit nire liburua ulertu egiten dela, hain zuzen ere Nabarraldeko lan anitzi buruz ezin erran daitekeena.
Hain zarete inportantak, ezen zuei egindako kritikak ate asko ireki omen dizkidan. Esaldi hori onartezina da eztabaida intelektual batean, bi arrazoirengatik: ad hominem da (haurrei azalduta: ez zarete nik errandakoaz, nire argudioez ari, zuzenean nire kontra baizik), eta omenka ari zarete, ez duzue-eta nire ustezko etekin zikin horien frogarik aurkeztu.
Azkenean, historia ahaztearen aldekoa naizela diozue. Hori uste baduzue, zuen kontu, baina jakin ezazue edo ez duzuela nire liburua ulertu, edo kontatu dizuenak gaizki kontatu dizuela.
Xabier Letonak xarmanki ihardetsi badizue ere, Argiaz hitz bat erran nahiko nuke. Ez ditu, ez zuen kritika, ez erabilitako tonua merezi. "Independentzia astero ikusten da" da haren leloa, eta nik, astero, aniztasunarekin batera indepentzia intelektualez lan eginez independentziaren aldeko lana ikusten dut. Zer erranik ez, horiek dira Nabarralden eskas somatzen ditudan balioak.
Santi Leoné
Publicar un comentario