12 junio 2009

BERRIRO IHES EGIN DIEZAGUKE TRENA

Arretaz kasu egin diot Kataluniaren politika bilakaerari. Askotariko ahotsak entzuten ari dira, baina guztiek ere aho batez diote Kataluniak Espainiatik eta Frantziatik independente izan beharra daukala.

Trantsizioaz geroztik, gaizki demokratiko zeritzonetik, hala gure herrialdean nola Katalunian estatutuaren araberako bidea proposatu zuten, itxuraz biderik errealistena eta sendoena zelako, demokrazia garatu ahal izateko. Inolako eragozpenik gabe onartu zuten «Espainiako herria» funts gisa zeukan konstituzio oinarria. Zalantza aldeko duelarik, pentsa liteke hala jokatu zutela, haiek, nazioz espainiarrek, gogoeta eta asmo honek bultzaturik: osotasun hartan ordezkatzen zuten «gehiengoa» onuragarria eta eskuzabala izango zitzaiela katalan eta euskaldunen «gutxiengoei». Sinetsita zeuden aise asko bihurtuko zirela «estatu federal», eta, hurrengo, ezin errazago gertatuko zitzaiela «konfederazio» izatea. Haren ondorengo etapa, berriz, independentzia, ez zuten beharrezkotzat ere jo.

Hogeita hamar urtetik gorako errealitate tristeak besterik egiaztatu du: arrazoi zutela jarrera kritikoa, edo gutxienez eszeptikoa, agertu zutenek. Hori, orain hasi dira antzematen Kataluniako gizarte zibileko hainbat sektoretan. Batez ere, kontuan izanik zer-nolako ondorio osagarriak eragiten ari diren, batetik, Espainiako Estatuak, bere batasunean tematurik baitihardu, eta orain arteko egindako autonomia ibilbidean atzera jotzeko asmoz; eta, bestetik, bere burua independentistatzat daukaten alderdiek, praktikan bere autonomia erkidegora hertsiki atxikita baitaude, eta zatiketarako asmorik ez baitute. Antza denez, eroso daude beren besaulkietan.

Kataluniako gizarteko sektore askok gero eta argiago dakusate Espainian dagokien egoera ezinago ezegonkorra dela. Atzerriko hauteskunde batzuen emaitzen eta haien botere legegile ahalguztidunaren mende daude betiere. Halaber, Espainiako Gobernuak Kataluniaren kontra tresna judizial moduan darabiltzan baliabideak -Estatut berria, ekonomia finantzabidea...- eragozpen izugarriak zaizkio munduan egun dituen jomugak modu eraginkorrean erdiesteko.

Kataluniako gizartea konturatzen hasia da ahalbide demokratiko bakarra duela, aldi berean egonkortasun apur bat bermatuko diona: independentziaren alde borrokatzea, estatu propioa erdiestearren.

Katalana gero eta gutxiago erabiltzen delako eta hari gero eta balio txikiagoa ematen zaiolako kezkaturik dauden pertsonak ere konturatu dira, pixkana-pixkana, hizkuntza baten normalizazioa lortzeko, Estatuaren boteretik landutako ereduak abiarazi behar dituztela, Espainian zein Frantzian biztanleak espainiera eta frantsesa jakitera eta erabiltzera behartzen dituzten bezala. Hizkuntza bat normalizatzeko, eragile ezinbestekoa da gizarte presioa, baina ez da nahikoa.

Eta zer gertatzen da gure herrialdean? Antzeko arazoak ditugu, baina ez berberak. Baditugu Hitzarmen ekonomiko bat eta Kontzertu ekonomiko bat Espainiako Estatuarekin, itxuraz behintzat ukiezinak. Kataluniak ez dauka halakorik. Gureak, berriz, Nafarroako erresumari esker izan genuen estatu subiranotasunaren hondarrak dira, oker edo gaizki gorde ahal izan genituenak. Baina ez daukagu berme benetakorik, edo botere eragilerik, horiei bere hartan eutsi ahal izateko. Erakundeei dagokienez, zeharo babesgabe gaude inolako oldarraldiri aurre egiteko, nondik edo handik datorkigula ere: ez barnetik, Espainiako Estatutik bertatik, ez eta Europako erakundeetatik ere, hangoek ez baitakite ezer gure errealitateaz, eta beren interesak bultzaturik baitihardute.

Hizkuntzari dagokionez, Kataluniarena baino handiagoa da gure babesgabetasuna, berezko hizkuntzaren erabilera askoz ere handiagoa delako han, eta, batez ere, atzera egiteko arrisku larriagoan gaudelako hemen, gaur egungo Nafarroa Garaiko egoera orokortzea ekar baitezake. Beste horrenbeste esan liteke, eskuarki, hezkuntza sistemari eta euskal curriculuma ezartzeko ahalbide benetakoari buruz. Aurreko aldian oso nekez lor zitekeen halakorik, baina gaur egun ezin pentsatuzkoa ere bada.

Menderakuntza eta mendekotasun egoera erabatekoan gaude, Espainian gehiengo eta gutxiengo politikoak osatzeari dagokionez. Gure gizartearen nortasuna eta ondarea, eta horien sustapena, aldian aldiko hauteskunde garaileen esku dago erabat, oinarri-oinarrian kontrakoa zaigun testuinguru baten barruan. Katalunian bezala, Espainia «liluratu» nahi zuen pedagogiak burrunba handiz jo du haien nazionalismo tematiaren harresia, eta gu geu gara oraindik ere gatibu benetakoak.

Egungo munduan egonkortasun aseguru bakarra daukagu, alegia, normal egotea bermatuko digun sistema bat izatea, inolako traumarik eragingo ez diguna; erakunde bat, osoki garatzen utzi ahalko diguna, geure hizkuntzan, kulturan, gizarte nortasun orokorrean eta geure ekonomian oinarriturik. Halako sistema batek estatu independente bat eratzea eskatzen du. Orain arte bezala jarraituz gero, menderakuntzaren gurpil zoroan eta izu-ikara etengabean jirabiraka ibiliko gara, eta askatasunik gabeko espazio egunetik egunera estuagoetan mugituko gara.

Geure bizitasunak eta politika kulturak bakarrik ekar diezagukete behar beste indar, gure gizartea independentzia lortzeko asmoz mugiarazi ahal izateko. Sekula ez digute ezer ekarriko atzerriko erakundeek, ez Espainiakoek ez Europakoek, ez eta Hispaniako gautxokeriaren erlikiak baino biltzen ez dituen hauteskunde talde batek ere, zeinak, gutxi izango ez balitz bezala, Comuner@s izeneko talde bat baitu kide nagusi, Trebiñu eta Errioxa ageri dituena dagokion lurralde eremuaren logotipoan.

Historiako azken aldietan, ihes egin digu «trantsizioaren trenak» lehenik, eta estatu berrien eraketarenak hurrengo, sobietarren inperioaren hondamendiaren ostean, eta jugoslaviarren nahas-mahasarenak azkenik. Gaur egungo bidetik datorkigun trenak, berriz, Espainiako Estatuaren beraren barne legitimazioaren inguruko krisi oso latz batek gidatua dirudi. Nago katalanak hasiak direla jarrerak agertzen. Eta guk ezin diogu kanpoan geratzeko arriskuari amore eman. Guztion ahaleginak elkarturik, eta Estatuan bi polo desegonkortzaile eraturik, Baskonia eta Herrialde Katalanak bezain garrantzitsuak, eta ongi landutako estrategia bat baliaturik, nago laster batean lortu ahal izango dugula. Herrialde Katalanetako eta Nafarroako errepublikak izango dira, eta Eskozia eta Flandria besteak beste, Europako Batasuneko estatu berriak. Amen.

Berria 2009/06/12

No hay comentarios: