Orain gutxi (2006/05/12), Euskal Curriculuma erabat izeneko artikulua argitaratu zuen Ramon Zallok hainbat hedabidetan.
Sozializazio elementu ezinbestekoa da hezkuntza sistema giza talde guztientzat. Horren bitartez, horren garapena kontrolatzen eta zuzentzen duten sektoreen ustez belaunaldi berrientzat -orokorrean eta errealitatearen ikuspegi zehatza kontuan hartuta- garrantzitsuak izan daitezkeen eskema edo ereduak sortzen edo aplikatzen dira.
Horrek gatazkak eragin ditzake edozein gizartetan. Bai, gerta daiteke hainbat gertaera historiko azaltzeko orduan interpretazio desberdinak edo guztiz kontrakoak egitea. Har ditzagun, adibide gisa, Errusiako iraultzaren inguruko bertsioak. Gizartea iraultzaren bidez aldatzeko asmoz, langileek klase berri gisa izandako funtzioa azpimarra dezakete horietako batzuek; beste batzuek, berriz, faktore ekonomikoak eta sistema demokratikoa Errusian finkatu ez izana, feudalismoaren zamaren eta industrializazio eskasaren ondorioz.
Interpretazioak nazio ikuspegitik nahiko homogeneoa den eta estatu propioa duen gizarte baten bilakaerari buruzkoak badira, «solidaritate nazionalera» joz konpon daitezke desberdintasun horiek. Desberdinak izango dira bertsioak, bai, baina bateragarriak. Zallok bere artikuluan dioen bezala, ikuspegi «integratzaileetara» ere hel daiteke horiekin.
Hori normalizatu gabeko gizarte batean gertatuz gero, baina, nazio kontzientzia berezia duen batean, alegia, horren errealitatea ukatzen duen nazio bakarreko estatu baten edo batzuen mende dagoen batean, askoz ere sakonagoa eta larriagoa bihurtzen da arazoa. Kasu horretan, nazio nagusiaren «solidaritate inperiala» da «solidaritate nazional» bakarra. Mendeko nazioa «ez da existitzen» (legez bederen) eta, beraz, ezin du elkartasun hori eskatu.
Zentzugabea da pentsatzea hezkuntza ideologien gainetik egon daitekeela; batez ere gure kasuan, mendean hartutako gizarte nazional batean bizi baikara. Gauza bat da hezkuntza eta curriculum proiektuak alderdien aukera politikoen gainetik egotea, baina kutsu ideologikoa edukiko dute horiek beti, horixe da errealitatea. Edozein hezkuntza sistemarentzat oinarrizkoa da nortasuna, ordea, eta gai horretan ezinekoa da neutral izatea. Gainera, ideologiaren aurrekoa da hori. Ziurtzat ematen dute hori ideologiek, guk, lurtarrok, arnasten dugun airea bezala.
Ramon Zallok darabiltzan publiko eta pribatu kontzeptuen kritika bat ere erantsi beharko litzaieke orain arteko gogoetei. Mendeko gizarte batean, estatu nagusiak inposatutakoari deitzen zaio publiko, eta pribatu, berriz -gure kasuan, ikastolen mugimenduari dagokionez, bederen-, mendeko gizarte zibil horretatik sortzen diren elkarteei. Ez al litzateke bidezkoagoa esatea ikastolak hezkuntza publikoaren ardatz izango direla normalizazio politikoa, independentzia eta estatu propioan islatuko den subiranotasuna lortzen ditugunean?
Bien bitartean, nahiago dut publikotzat hartu gure indarraren barru-barrutik sortzen dena, estatu nagusiek proposatutako hezkuntza planak onartu nahi ez izate horretatik.
Ramon Zalloren jarrera horrek, distantziakidea ez izateaz gain ongitik eta gaizkitik haratago dagoenak, ez du laguntzen eztabaida argitzen. Ezta Espainiaren eta Frantziaren nortasun inposizio horren aurkako txerto eta botika izango den curriculum propioa garatzen ere.
Bi estatu horien aurka egonarazten gaituen gatazka ukatzen edo gutxienez ezkutatzen duen planteamendu horrekin, horien hezkuntza sistemen ustezko neutraltasunaren -gezurrezkoa- alde baino ez da egiten. Ondo dakite horiek zein den beren betebeharra. Eta eraginkorrak dira. Guk txoritan jarraitzen dugu, bien bitartean.
Ziri hori sartzen badigute, mesede txikia egingo dugu gure gizarteak bere nortasuna gorde dezan eta Europan eta munduan elkartasunean gara dadin. Garai batean izan baziren ere, gaur egun existitzen ez diren gizarteen zerrendan sartuko gara.
No hay comentarios:
Publicar un comentario