10 marzo 2010

JAUME VICENS I VIVES

Ez naiz historialaria, baina, hala ere, zilegi bekit esatea Jaume Vicens i Vivesek eta, batik bat, haren Aproximación a la historia de España (1952) liburuak eragin handia izan zutela Espainiako historia ulertzeko dudan moduan, hura interpretatzeko ordura arte irakatsi ziguten moduaz zeharo bestelakoa ekarri baitzuen. Oraindik ere erabili ohi dudan aleari begiratuz gero, 1969ko abendua ageri du argitalpen data gisa. Berrogei urte baino gehiago igaro dira, eta, oraindik ere, liluratu egiten nau liburuko hainbat kapitulu irakurtzeak.

Hori guztia zertara datorren? Bada, Vicens i Vives 1910ean jaio zenez, aurten (2010) beteko delako haren jaiotzaren ehungarren urteurrena. Gaur egun, arte eta zientzietako pertsona nabarmenen jaiotzaren edo haien lan adierazgarriren baten -dagokien generoan mugarri izan direnen- berrogeita hamargarren eta ehungarren urteurrenak, eta beste, gogorarazi ohi ditugu. Esate baterako, 2009an, Darwinen jaiotzaren berrehungarren urteurrena gogorarazi zuten, eta haren Espezieen jatorria obra nagusiaren ehun eta berrogeita hamargarren urteurrena. Vicens i Vives ere ez da gutxiago izango, halakoxe izaki haren maila intelektual eta morala.

Kataluniako kultura arlokoek Any Vicens i Vives leloa baliatuta gogorarazi nahi izan dute. Garai gorabeheratsuan bizitzea egokitu zitzaion Vicensi, baina bere katalanismo militanteari esker, historiografia lan handia egin ahal izan zuen; ahalmen handiko historia eskola bat eratu zuen, eta ekarpen nabarmena egin zion Kataluniaren nortasun eztabaidari. Hori guztia mende laurden batean, 1936koa baitu doktore tesia, eta biriketako minbiziz hil baitzen 1960an.

Behin onarturik galdua zutela gerra, Espainiako Estatuaren eremuan geratzea erabaki zuen, bere izateko eraren eta pentsatzeko moduaren zeharo kontrako lurraldean. Baztertu eta egotzi egin zuten unibertsitatetik, eta ezin izan zuen berreskuratu 1935ean erdietsitako institutu katedra ere. Espainiar nazionalismoa borborrean zegoen, lehen aldi hartan, eta ez zuten onartu intstitutuan segitzeko Vicensen ahalegin bokaziozkoa. Horren ordez, bere historia obrarik interesgarrienak idatzi zituen aldi hartan, eta Teide argitaletxea eratu zuen. Vicensen biografo Josep M. Muñozen arabera, lasai antzera bizitzeko aukera eman zion argitaletxeak. Azkenean, 1947an, oposizio bidez eskuratu zuen Zaragozako Unibertsitateko Historia Unibertsal Moderno eta Garaikideko katedra.

Hurrengo urteetan, artean ere historia ikerketak egiten jardun zuen, Espainiako historiari buruzko tesia aurkeztu zuen, batik bat 1952ko Aproximación a la historia moderna hartan, tiroarren eta troiarren arteko kontuak kitatuta. Gogor kritikatu zuen Espainiako historiaren edozein ikuspegi idealista eta nazionalista, Francoren erregimenaren kontrako pertsonek egindakoa izanagatik ere. Vicensen ustez, nola Americo Castrok hala Claudio Sanchez Albornozek historia idealista eta konbergentea egin zuten, baina Gaztela ardatz hartuta betiere, horrek orainari zekarkionarekin.

Garai bertsuan, gaurkotasun handiagoko eztabaida bat zegoen pil-pilean Espainian, aldi hartan oinarriturikoa esplizituki. Bi pertsona aritu ziren buruz buru: batetik, Pedro Lain Entralgo, hasiera-hasierako falangista bat, zeinak «Espainia arazo moduan» proposatu baitzuen; eta, bestetik, Rafael Calvo Serer, Opus Deiko kide entzutetsu bat, zeinak «Espainia arazorik gabekoa» aldeztu baitzuen. Ikuspegi esentzialista bezain hertsia zuten aipaturiko autore horiek guztiek, ezin ukatuzkoa iruditzen baitzitzaien errealitate uniforme beti bat eta bera zela Espainiakoa.

Beste hainbat pertsona ospetsu ere gogor kritikatu zituen Vicensek, eta arazo pertsonalak izan zituen haiekin: besteak beste, Ramon Menendez Pidalekin eta Salvador Madariagarekin; biak ala biak ziren espainiar nazionalismo esentzialistaren lehen lerrokoak, nahiz eta teorian elkarren kontrako alderdietakoak.

Bizitzea eta jardutea egokitu zitzaion politika aldiko mugen barruan, Annales -Febvre, Bloch, Braudel...- eta beste historialari batzuen askoz ere antzeko historia bat proposatu zuen Vicensek, ekonomia eta gizarte datuetan oinarrituta, baina haiek zerbait absolutu gisa hartu gabe, eta gertatu ziren politika egituren inguruabarrean kokatuta betiere. Hark egindako sintesian giltzarri izan zen eginkizun jakin bat egoztea Aragoiko koroari eta, hein txikiagoan, Nafarroari.

Vicensen ekarpenak lehena eta geroa mugatu zituen historia ikerketetan, bai Herrialde Katalanetan eta bai Espainian ere, eta oso aintzakotzat hartu zuten Europan eta Amerikan. Haren ikasle izandakoen artean nabarmentzekoa da Joan Regla, Valentziako Unibertsitateko Historia Modernoko katedraduna -hura ere goizegi hil zen (1917-1973)

Noticia de Catalunya lanean (1954), berriz, errotik jorratu zuen Kataluniaren nortasunaren inguruko eztabaida. Zenbaitzuek diotenez, lan horretan Vicensek ez zuen nortasun baten historiarik egin, baizik eta ibilbide bat marraztu zuen, bakarrik lurraldea eta lan espiritua -giza eragile gisa- hartuta osagai iraunkortzat. Horri buruz gogoeta apur bat eginez gero, ordea, zer dira lurraldea edo lan espiritua -giza eragile gisa-, ezpada nortasun argi eta berezi bat?

Zein dira, azken batean, Kataluniaren nortasunaren ezaugarririk berezienak? Seny eta rauxa, diosku Vicensek bere lanean. Neurriaren sena -seny-, landa eremutik hirigunera aldatuta, eta han berriro definituta. Itunaren ideia -jatorri feudalekoa-, baina politika inguruabar berrietara egokituta, baita elkartasun konpromiso gisa ere. Oldarrerako, kemenerako -rauxa- joera aldizkakoa.

Haren naziorako garrantzitsua izan zitekeen buruzagiaren irudia ernamuindu zen Vicensengan. Bere baitan biltzen zituen ahalmen intelektuala, sintesirako gaitasuna eta buruzagitzako jardule nabarmena izatea; horretaz gainera, katalanista sutsua zen. Ezaugarri horiek guztiek balizko buruzagi politiko nabarmen bihurtu zuten Vicens, gerra osteko Katalunia zapaldu hartan. Sekula ez dugu jakingo eginkizun hura bete ahal izango zuen. Nahikunde askatzaileentzako garai txar batean bizitzea egokitu zitzaion, eta, batez ere, oso gazterik hil zen.

Vicensen biografia Josep M. Muñoz i Lloretek idatzitakoa da ( Jaume Vicens i Vives. Una biografía intelectual. Bartzelona, 1997. Edicions, 62.), eta oso ondo antolatuta dago; osoa da, eta irakurtzeko atsegina. Bihoaz lerro hauek, Nafarroatik amultsuki eta miresmenez idatzitakook, haren jaiotza urteurrenaren gogoangarri.

BERRIA 2010/03/10

Versión en español