Espainiako Gobernuak Gernikako Batzar Etxea memoria-leku izendatzeko egindako proposamenak eztabaida sotil bat piztu du, ez oso agerikoa, eta atzealdean geratu da, iradokizun eta xuxurla artean. Hala ere, esplizituki lehertu gabe, ezinegona sumatu da erakunde autonomikoetan.
Inor ez da ausartu ozen hitz
egitera, eta doi-doi egin du marmarka protesta. Eta, hala ere, Bolaños
ministroak Gernika (edo Juntetxea, are lausoago) oroimen espainiarreko leku
izendatzeko egin duen keinuak ez du onik egin gure lurraldean. Zergatik?
Ekimena maltzurra delako eta gibel-asmoz datorrelako. Eta eztabaida bera
deserosoa delako inplikatutako alderdi guztientzat.
Ikus dezagun gaia urratsez
urrats. Gernika gure artean oroimen-leku zirraragarria zela aski ezaguna da.
Horregatik bonbardatu zuten! Gernika Bizkaiko Jaurerriko Foruen zinpeko lekua
zen eta bertan biltzen ziren Batzarrak. Horregatik egin zuen lehendakari
karguaren zina Jose Antonio Agirrek zuhaitz ospetsuaren aurrean, eskubide eta
askatasun propioen memoria horrexegatik. Horregatik eskaini zion Iparragirrek
bere kanturik ospetsuena, ereserki politiko eta erlijioso, mobilizazio eta
protestarako kantu bihurtu zena, belaunaldiz belaunaldi, herrialdeko hainbat
indar politikorentzat, hasi karlismotik eta ezker abertzaleraino, tartean
jelkideak daudela.
Oroimen-leku bat bere
esanahia da. Aldatzen edo lausotzen bada, lekua desagertu egiten da
kontakizunarentzat eta bere egiten duten biztanleentzat. Horixe dago jokoan
Gernikako ministerio-proposamenean. Bolaños ministroak horren aldeko apustua
egin du, eta euskal ikur nazionala berreskuratu du Espainiako
iruditeriarentzat, hispaniarren oroimen demokratikoarentzat. Jokaldi
amarrutsua. Maltzurra. Horrela, haren esanahia bereganatu eta hustu egiten du.
Esanahia bestelakotu eta garai guztietako foruzaleei eta euskal askatasunen
defendatzaileei lapurtzen die. Baita gerrara beren Gernikako Arbolarekin joan
ziren karlisten batailoiei ere. Are gehiago, Agirre lehendakariari berari ere
xixkatzen dio, bonbardatutako biztanleria zibilaren ikur bihurtzen baitu, eta
Gernika edozein hiri, leku abstraktua, datu eta xehetasun gehiagorik gabea.
Esanahi-aldaketa agerikoa da, iruditeria nazional batetik inperial batera,
baina txikikeria horiek ezer gutxi aipatu dira.
Eta ez da polemikaren berri
eman, tranpa aldez aurretik jarrita dagoelako; agian horregatik inor ez da
iskanbila sortzera ausartu. Tranpa hau da: Espainiako legeriak, memoria
ofiziala hitzetik hortzera darabilten guztiek aipatzen dutenak, 36ko memoria
besterik ez duela aitortzen (demokratikoa, hori bai). Baina espainiarra. Data
horren aurretik ez zegoen baskoirik, ez euskaldunik, ez nafarrik, eta ez zen
ezer gertatu gu markatzeko. Munduko
beste edozein herrik baditu bere erreferentziak. Eskoziak bere
independentziaren borrokalaria gogoratzen du, William Wallace, eta Stirling
zubiko bataila. Kataluniak 1714. Latinoamerikak, oro har, Kolon bere
kontinentean lehorreratu zen data du, bere hondamendien erreferente gisa.
Frantziak Karlomagno enperadore handiaren aintza aldarrikatzen du bere
historiaren mitotzat, nahiz eta Euskal Herrian ez zaion grazia beraz
begiratzen. Baina guk ez dugu liga horretan jokatzen.
Bestela esanda, ez dugu
existentziarik; ez zaigu aitortzen garenik, izan garenik, eta esplikatzen
gaituen iragana kontatzen dugunik. Esplikatzen gaituena ez ezik, baita
sendotasuna ematen diguna ere. Iragan horrek harrotu egin gaitzake, autoestimua
eman, eta bidegabekerien memoria (hala nola Gernikako bonbardaketarena, baina ez
horrena soilik). Kohesioa eskaintzen digu, kolektibitatearen kontzientzia,
nazioaren energia. Horretarako dira oroimen-lekuak.
Hortik ulertzen da
isiltasuna gure lekuei buruz: bonbardatu aurretiko Gernika, Amaiur, Orreaga,
Agirre lehendakaria, Martin Ttipia, Jaime Velaz de Medrano...
Eta esanahi horiek
desmuntatzeko, beste behin ere, espainiar Estatuko Presidentzia ministro azeria
etorri da eta sagar pozoitu bat eskaini digu. Iseka da, trufa hutsa, 1937ko
krimenaren oinordekoek Gernikaz jabetu eta “oroimenaren lehen leku” gisa
berrasmatzea. Espainiako ministroak leku bat aitortzea proposatzen digu, baina
Espainiako iruditeriaren barruan, oso demokratikoa beti, eta bere indarkeriarik
aitortu gabe, erreparaziorik onartu gabe eta barkamenik eskatu gabe, hori ez
baitator bat hispaniar harrokeria inperialarekin.
Normala da aurrekari
horiekin inor ez ausartzea ministroari ahoa ixtera. Gai horri fundamentuz
heltzeko, euskal memoriaren lege propioa behar da. Gure existentzia aitortzen
duena. Nafarroako erresuman estatu bat izan garela adierazten duena. Eta
adierazten duena, halaber, badugula kultura, lurraldea, historia, hizkuntza,
euskara. Bi estatu, bi potentzia inperialen etsaitasuna pairatu dugula. Eta
guretzat esanahia duten datak guk erabakitzen ditugula, ez gure pazientziaz
trufatzera datozen lehendakaritza- ministroek.
Picassok, Parisen nazi
batzuen bisita jaso eta Gernika bere lana ote zen galdetu ziotenean, ezetz
erantzun omen zien; haiek zirela egileak. Egia edo gezurra izan, kontua da
Espainiako erregimenak ez duela inoiz barkamenik eskatu Gernikako krimenagatik;
ez du inoiz bere obratzat hartu. Quousque tandem abutere patientia nostra!
No hay comentarios:
Publicar un comentario