Nazio bat zera da: herri batek bere buruari buruz kontatzea erabakitzen duen kontakizuna. Eta, haren muin-muinean, bulkada baldar baina sakon bat dago taupaka, gainerakoei eta norberak bizileku duen lurrari lotua sentitzekoa. Edonoizko eta edonongo gizakiak beti behar izan ditu arbaso batzuk, historia bat, etxe bat eta zentzu bat kolektibo baten barruan duen lekua esplikatuko duena, eta ez modernitateak eta ez arrazionalismoak deuseztatu ahal izan dute behar hori.
Paul Kingsnorth
Ismael («Deitu niri Ismael»)
Ahab kapitainaren Pequod barkura batu zenean, berehala konturatu zen ekinaldi
hartan proiektu bakarra zeukala kapitainak: Moby Dick-i mendeku hartzea. Ez
Moby Dick ehizatzea, ez: mendeku hartzea. Balea zuriari —antza, kaxalote bati—
mendeku hartzea, topo egin zuten aurreko aldi batean hanka bat erauzi ziolako.
Ahabek istorio bat zeukan, helburua markatzen ziona eta, horrexegatik
beragatik, baita agenda markatzen ziona ere.
Agenda bat sortu eta
ezartzeko, proiektu bat eduki behar da. Proiektu hori eratzeko, nahitaezkoa da
nork bere burua subjektutzat hartzea. Moby Dick liburuan, Ahabek subjektu rola
du, argi eta garbi. Subjektu hori, gainera, munstrotzat daukan zerbaiten erasoa
bere larru-larruan sufritu duen subjektu bat da. Bada, Ahab kapitainak Herman
Melvilleren nobelan daukan errealitatearen analogo gisa planteatu daitezke
gizarteko errealitateak ere. Ahabek kontakizun bat zeukan, eta proiektu bat
sortu eta garatu zen hortik: Moby Dick-en kontatzen den istorioa, hain justu.
Nazio batek, Kingsnorthek
dioen bezala, besteren mende ibili gabe bere kontakizuna kontatzea erabakitzen
badu lortzen du nazio izatea: bera mamitzen den subjektu sozialean ardaztutako
kontakizun bat kontatzen badu. Gu, gaur egungo euskal-nafarrok, nazio baten
parte gara, baina nazio horretan zaila da aurkitzea denok nazio gisa mamituko
gaituen kontakizuna. Zenbait kontakizun ditugu, baina ez denak ikuspegi
autozentratu berekoak.
Bizi garen mundu honetan, nagusiki,
komunikabideek daukate kontakizun hori sortzeko gaitasuna. Irratia eta batez
ere telebista izan dira XX. mendean kontakizunak eratzeko erabilitako gotorleku
printzipalak. Eta, gurean, nazio honen parte baten komunikazio sistema publiko
nagusi dena, EITB, askoz gehiago lerratzen da herrialdea bera desegituratzera,
kontakizun propio bat sortzera baino.
Kontakizuna, nahiz eta baden
Historia ere, ez da Historia bakarrik. Kontakizuna Memoria da. Walter
Benjaminek zioen bezala, garaituen Memoria giltzarria da haien porroten ondoren
erreparazioa eta justizia iritsiko badira. Eta, oroz gain, etorkizunean
pentsatu ahal izatea da: planak egin eta burutan ateratzea. Horretaz dihardu
Eguzki Urteagak berriki atera duen artikuluan, Elaborar e implementar una
agenda nacional vasca izenekoan (Euskal agenda nazional bat sortu eta
ezarri).
Artikulu iradokitzailea da,
eta modua ematen du etorkizuneranzko bide batzuk urratzeko. Haren arazoa da,
ordea, jakintzat ematen duela zer subjektuk egin behar duen bide hori. Urteagak
kontsideratzen du badela bai euskal nazio bat eta bai haren euskarri den
Zazpiak bat bat. Ez du aintzat hartzen gure nazioak sufritu duen prozesu luze
hori, barnean hartu dituena konkistak, okupazioak, ordezkapen instituzional
bidegabeak eta orotariko jazarpenak —sozialak, politikoak, linguistikoak,
kulturalak eta abar Horiei erreparatu gabe, ordea, oso zaila da ohartzea,
adibidez, Zazpiak bat hori Espainiaren eta Frantziaren dominazioaren emaitza
dela, ezen ez datu ahistoriko intenporal bat.
Urteagari eskatuko genioke
zehatzagoa izateko bere testuaren parte batean, ahaztu baitzaio esatea
nafartasuna oinarrizkoa dela gure kontakizunean, gure nazioan: gure nazioaren
alde politiko instituzionala dela. Ez dezagun ahatz Urteaga soziologoa dela
eta, hala denez, kontuan hartu beharko lituzkeela bi datu nongotasunari buruzko
inkestetan atera direnak eta lortzen errazak direnak. Lehena, hauxe: Espainiako
Estatuko autonomia erkidegoen artean Nafarroan dagoela soilik espainiar
sentitzen direnen ehunekorik txikiena —%5 baino gutxiago; EAEn, berriz, %9,5,
eta Katalunian, %21,5—. Eta hona bigarren datua: EAErekin konparazio erraz bat
eginez gero eta kontuan hartuz gero zenbat sentitzen diren soilik espainiar,
zenbat euskal herritar baino espainiarrago, zenbat berdin euskal herritar eta
espainiar, zenbat espainiar baino euskal herritarrago, zenbat soilik euskal
herritar, eta euskal herritar horren ordez nafar jarriz gero, parekoak dira
portzentajeak. Datu soziologiko guztiz garrantzitsua da hori, ez ikusi egin
ezin zaiona.
Euskal herritarra izatea eta
nafarra izatea txanpon beraren bi alde dira: «nazioz egina» ez ezik (Joan
Francesc Mira) «estatuz egina» ere badagoen mundu honetan, horixe dugu guk
munduan egoteko modua. Eta bi mapak ezin dira oso aise gainjarri. Nafar izatea
euskal Estatuaren memoria da. Horixe dago bizirik Foru Komunitatean, eta horixe
gailentzen da gaur egun lurralde horretan. Euskal herritar izateak, berriz,
Euskal Autonomia Erkidegoan dirau batez ere, eta partez baita gure Herrialdeko
eremu kontinentalean ere. Beraz, kontakizunak bi ikuspegiak hartu behar ditu
kontuan, gaur egungo egoera ez baita zerutik eroria, prozesu historiko luze
batzuen emaitza baizik.
Hortik aurrera, Eguzki
Urteagak dioen guztia komenigarria ez ezik beharrezkoa ere bada. Kontakizun
propio batean oinarrituta heldu nahi badiogu etorkizunari, eskura ditugun
tresna guztiak erabili beharko ditugu, baina sekula ez tresna horiek helburu
bihurtu. Hortaz, hala gaur egungo administrazioak —nahiz eta menperakuntzatik
eratorriak izan— nola mugaz haraindiko proiektuak —zeinek alderdi teknokratiko
argiak baitituzte eta estatuek manipulatuta baitaude—, den-denak izan daitezke
eta den-denek izan behar dute bide gaur egungo euskal-nafarrok eduki behar
dugun helburu demokratiko bakarra lortzeko, hots: gure emantzipazio politikoa,
gure independentzia.
Luis María Martinez Garate eta
No hay comentarios:
Publicar un comentario