Ibiltari, ez dago biderik,
ibiliz egiten da bidea (A. Machado)
Diadan "Independentziaranzko Bide
Katalanak" Asamblea Nacional (ANC) delakoaren bitartez erakutsitako
indarra ikusi ondoren, antolatzaileetako batzuekin hitz egin genuen: nola lortu
duzue sekulako mobilizazio hau, hainbeste jenderekin eta halako ordenarekin?
Bistakoa da hori lortzeko beharrezkoa dela nazio baten borondate irmoa,
Espainiarekin gogaituta subjektu politikoa berehala izan nahi duenarena. Zentzu
praktikoaz erantzun ziguten: 30.000 boluntario eduki ditugu.
"Independentistak" sareko batek hasperen egin zuen: "Nahiko
genuke guk kopuru hori manifestazio batean biltzea!"
Harri eta zur geratu ginen. Pentsaezina izango
litzateke, hortaz, independentziaren aldeko manifestazio batean 30.000 pertsona
biltzea? Areago, ezin izango genuke boluntario-kopuru hori aurkitu, ongi
bideratutako prozesu garbi bat planteatuz gero? Baiezkoan gaude; gure ustez,
gure artean badago potentzial hori (Kataluniarekin dauden distantzia
proportzionalak alde batera utzita), edo handiagoa ere. Baina, jakina, aldez
aurretik baldintza jakin batzuk betetzen badira.
Horregatik beharbada, interes handiarekin
ikusi dugu Ezker Abertzaleak
aurkeztutako ekimena, "Eraiki dezagun elkarrekin Euskal Etxea", edo
laburrago esanda, "Euskal Bidea", joan den irailaren 11n Kataluniaren
independentziaren aldeko Diada, 400 kilometrotik gorako giza katea, antolatu
zuen "Vía Catalana" delakoaren paraleloa.
Hasteko, proposamen horrek zuhurtasunez dio ez
duela katalanen mimetismo hutsa izan nahi. Kopiak ez dira inoiz jatorrizkoa
bezalakoak izaten. Abiapuntuak ere ez dira berberak. Bazen garaia norbaitek
independentziaren aldeko "bide" propioa planteatzeko; izan ere,
denbora luzeegia daramagu ika-mika eta gatazka antzuetan kateatuta; beti dira
premiazkoak eta beti daude puri-purian, baina azken hamarkadaotan ez digute
utzi pauso bakar bat aurrera egiten: presoak, fiskalitatea, erakundeen
kudeaketa, zaborrak, banderak jartzea eta kentzea... Oso serioa dena, baina
gauden tokitik mugitu gabe. Eta aski da; helburu garbi bat behar dugu:
independentzia.
Beste puntu batean ere asmatzen du: gizarte
zibilari egiten dion deian, berak posizio zentrala har dezan, erakunde
burokratikoek (alderdiek eta sindikatuek) berari dagokion lekuan jarri eta
mendean hartu ez dezaten. Hori posible balitz, saihestu egingo genituzke
hainbeste baldintzatzen gaituzten hauteskundeekiko menpekotasuna,
hegemoniagatik liskarrean dabiltzanen bandoen ika-mikak, interes sektarioak,
beharrik gabeko protagonismoak, etab., etab., etab. Hori hala izanez gero, uste
dugu posible dela Diada horren antzeko erronkei heltzeko ekimena
berreskuratzea.
Besterik da, eta hor ez gaude hain konbentzituta,
"bide" horrek herritar guztiak bildu ahal izatea, bai
independentziaren alde daudenak, bai kontra daudenak. Batasuna bilatze hori
laudagarria da behintzat. Jakina, denok nahiko genuke ideologia askotako
sektoreak batera aktibatu ahal izatea, baina gauzek ez dute abstraktuki
funtzionatzen eta batasuna, bidea bezalaxe, urratsez urrats eraikitzen da. Ez
du zentzu handirik jarrerak hurbiltzeaz hitz egiteak baldin eta etxea
teilatutik eraikitzen hasten bagara, gure etsaiari, gure herriaren
subiranotasunaren aurkako sutsuari deitzen badiogu eta hurbilekoari argudiorik
emateko edo lekurik uzteko gauza ez bagara. Subiranotasunaren aldekoak eta
aurkakoak biltzen dituen bidea da apustua, baina beharbada naturalagoa izango
litzateke lehenbizi sentimenduak eta pentsamenduak partekatzen ditugunok
biltzea, hau da, independentziaren alde argi eta garbi gaudenok. Gure herria
badela (eta baduela izateko eta erabakitzeko eskubidea) uste dugunok,
euskaldun, nafar, menperatu sentitzen garenok, munduan leku propioa edukitzeko
premia ikusten dugunok... Eta gero, gerokoak.
Kezkatzen gaituen beste gauza bat da, Diadaren
arrakastarekin alderatuta batere zaintzen ez dena, hau da: gaiari buruz hitz
egiteko beharra. Gure herriak denbora luzeegia darama ez atzera eta ez aurrera,
agortutako prozesuetan murgilduta, hortik atera ezinik, eta ez dugu inor
ikusten lan horri ekiteko prest. Independentzia nahi badugu, "Euskal
Bidea" nahi badugu, pentsatu egin behar da, eta ehundu, eztabaidatu,
arrazoiak eman, eta landu ideiak, helburuak, ekimenak, proposamenak... Motibatu
egin behar da jendea. Eta gure artean ez dugu halakorik ikusten. Hitz egiten
dugu bake-prozesuaz, estatutu berriaz... baina horrek ez gaitu behar
dugunerantz eramaten. Independentziaren abantailez eztabaidatu behar dugu,
Espainia ustela eta Frantzia jakobinoa estatu arrotzen despotismoa jasan
beharraren zama astunaz, estatu propio bat eraikitzearen erronkez.
Horregatik, pozik hartu dugu independentziaren alde
Ezker Abertzaleak egin duen Euskal Bidearen adierazpena, eta espero dugu
zalantza horiek argitzea, urratsak egiten hastea edo behintzat horretara
bultzatzea, ateak zabaltzea eta independentziara hurbilduko gaituen prozesuari
hasiera ematea. Machadok zioenez, ibiltariaren pausuak dira bidea. Eta kito.
Pausurik gabe ez dago biderik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario