Denbora
galduaren bila-ren lehen bi liburukietan, Marcel Proustek bi hausnarketa egiten
ditu Herria-ren inguruan. Swann-enetik liburukiko kapitulu
batean, Herrien izenak: izena-ri buruz hitz egiten du, eta Loretan
diren neskatxen gerizpean liburukian, Herrien izenak: herria-ri
buruz. Guri antzeko zerbait gertatzen zaigu; gure herriari buruz bi
erregistrotan hitz egiten dugu: batetik, izena, eta, bestetik, herria. Itxuraz,
bi eztabaida dira, garai ezberdinetan agertzen direnak, eta eduki ezberdinekin.
Hala ere, eztabaida bera da.
Abuztuaren
15ean, herria omendu zen, nazioaren jaiotza. Orreaga da euskal
nazioa eratu zuen gertaera. Karlomagnoren tropek eta horien ondorengoek 778an
eta 824an jasandako porrot garbiaren ondorioz gauzatu zen euskaldunek historian
osatu duten antolakuntza politikorik garrantzitsuena: Iruñeko Erresuma.
Finkatze
hori, hain zuzen, aurretik denboran ondoz ondo egindako zenbait ekarpen
pilatzearen ondorioz sortu zen. Bata, autoktonoa, historiaurrea izan zen.
Orduan, kultura bat sortu zen, hitzaren zentzu osoa hartuta, hizkuntza batean
eta mendeetan Pirinioetako inguruetara egokitutako bizimodu batean
oinarritutakoa. Jarraian, herria erromatar zibilizazioarekin uztartu zen,
hizkuntza eta kultura galdu gabe, baina egokitzapen askorekin. Erromatar
Inperioa erori eta gero, mendeetan borrokatu zen bisigodoekin, hegoaldean, eta
frankoekin, iparraldean, eta, ondoren, erakunde politiko nabarmen bat finkatu
zen: Baskoniako Dukerria.
Fase
horiek gorenera iritsi ziren Goi Erdi Aroan; erresuma independente bat eratu
zen, zeinak mila urte baino gehiago iraun zuen eta modernotasunera iritsi zen,
nahiko urraturik eta urriturik. Estatu horrek euskaldunak nazionalizatzea
ekarri zuen, eta kultura sozial eta politiko bat garatzea bertako sistema
juridiko-politikoan, Foruan; besteak beste, lurralde eta administrazio
antolaerak, batzarrak eta auzolanetako lankidetza. Koldo Zuazoren tesi
berritzailearen arabera, historiako lehen euskara batua, zehazki, Nafarroako
estatuaren batasun politikotik sortu zen, hiriburua Iruñea izanik.
Horrekin,
argi gelditu da euskaldunok gaitasun historiko bat izan dugula erakunde
politiko independente bat eratzeko, estatu bat. Eta estatu horrek izen gisa
Nafarroa izan duela, mendeetan nazioartean ezaguna. Orain dela egun gutxi,
berriro agertu zen, Gabriel M. Otaloraren artikulu batean, Herriaren izena-ri
buruzko aspaldiko polemika. Eta egilea Euskadi eta Euskal Herriaren arteko
eztabaida jada zaharrean sartu zen.
Euzkadiren
aldeko arrazoiak, horrela deitu baitzion sortzaileak, Arana Goirik, eta ez
Euskadi, benetako gertaera batean oinarrituta daude. Euskal Herria ez da
izendapen politiko bat, eta errealitate linguistiko eta kultural bati dagokio.
Arana Goiri anaiek, irizpide onekin, pentsatu zuten independentzia helburu zuen
herri batek izen politiko bat behar zuela, eta neologismo bat asmatu zuten. Horrela
sortu zen Euzkadi. Zergatik bihurtu zen Euskadi Franco hil ondorengo
trantsizioan, hori ez dakit. Agian Aranak esan zuelako euz erroa eguzki-tik
zetorrela, euskaldunek jatorri kosmikoren bat edukitzeko.
Errealitatea
lurraren pixka bat arraserago dago, gure planetan bertan, eta, dirudienez, gure
hizkuntza eta kultura garatu ziren lur berean. Hizkuntza eta kultura mitiko,
sozial eta politiko hori, historiako momentu batean, Orreagan, estatu
independente bihurtu zen. Herritar izena duten munduko nazio guztiek
—magiarrak, lusitaniarrak, galiarrak, germaniarrak, adibidez— eta estatu gisa
eratzea lortu dutenek estatuaren izenak hartu dituzte. Horregatik ezagutzen
ditugu gaur egun portugaldarrak, hungariarrak, alemaniarrak eta frantziarrak.
Prousten
obraren azken atala Denbora berreskuratua da. Iruditzen zait badela
garaia gure nazioak ere galdutako denbora berreskuratzeko; hau da,
independentzia, bere estatua berreskuratzeko. Aurreko guztiari dagokionez, uste
dut euskaldunen festa nazionalak gure gertaera eratzailea, Orreaga gogoratzeko
izan behar duela, abuztuaren 15ean, eta gure nazioaren izenak bere estatu
historikoarekin bat egin behar duela: Nafarroa.