27 febrero 2011

ARRAIOA, HORI DA HORI IRAKURGAIA!


Victor Alexandre
Idazlea eta kazetaria

Arraioa, hori da irakurgaia darabiltzazuna!», esan izan didate zenbaitek, Katalunian, Luis Martinez de Garateren Síntesis de la historia de Navarra (Nafarroako historiaren laburpena) liburuarekin ikusi nautelarik. Ez, ez zegoen ezer gaitzesgarririk haien iruzkinetan. Besterik gabe, atentzioa ematen zien, esaterako, nik, euskalduna ez izanda, beste herrialde batekiko jakin-mina izatea. Uste dut beste horrenbeste esango lidaketela Tibeteko edo Senegalgo historiari buruzko liburu bat izango balitz ere. Alegia, harrigarria da norbaitek berea ez duen beste herrialde batekiko jakin-mina sentitzea. Aurreriritzi bat da, urrutikotzat dauzkagun errealitateekiko apatiaren adierazgarri; ez dago horren zalantzarik, baina normala iruditzen zaigu, hain baitago zabaldua. Nolanahi ere, bada hori baino askoz ere larriagoa den zerbait. Estaturik gabeko nazioek oso berezkoa duten ezaugarri bat, edo, Tomas Urzainki historialariak esango lukeenez, egiaz beste estatu batzuek bahituta dauzkaten estatuena. Norbere historiari buruzko ezjakintasunaz ari naiz. Errepara diezaiogun katalan eta euskaldun gehienek ez dakitela beren herrialdeko historiaren berri, pasarte eta data nabarmen pare batez harago. Askoz kontu gehiago dakizkite, jakina, baina kultura alorrekoak dira, nolabait; gainera, oso nekez bereizten dituzte Espainiatik —katalanak edo Hegoaldeko euskaldunak baldin badira— edo Frantziatik —Iparraldekoak baldin badira—. Urte gehiegi dira, beti mezu ofizial berbera entzuten eta geure burua espiritu nazional espainola eratzera behartuta ikusten.

Hala ere, kontu bat da nahitaez barneratu digutena, eta oso besterik, errealitate historikoa. Ikusi besterik ez dago Euskadin noraino iristen ari den aliantza nazionalista espainola, alderdi sozialistaren eta alderdi popularraren artekoa. Horietaz harro egongo litzateke Franco. Boterera iritsi orduko —aurrez euskal gizarteko sektore bat isilarazita—, herrialdea bandera espainolez josten hasi dira, eta euskalduna den guztia kriminalizatzen, gutxiesten eta folklore bihurtzen, ikastolak bakartuta, irakaskuntza espainolduta, euskal irratietan ezker abertzalearen eta EAJren aurkako sorgin ehizan jardunda, eta herrialdea desnaturaltzeko programa bat garatuta. Ezin espero zen besterik, nazionalista espainol bat izanda lehendakari.

Hala eta guztiz ere, ez dut uste kikilduta sentitzeko motiborik dagoenik. Konturatu besterik ez dago totalitario bat dela hauteskundeak irabazteko herritarren zati bati boza galarazi beharra daukan hori; are, paperezko tigre bat, erkin halako bat, zeinaren botere egunak bakanak baitira. Haren indarrak, azken batean, geure buruaz ez dakigun guztia du bazka bakar. Edo, bestela esanda, geure ezjakintasunak ahultzen gaitu. Zorionez, modu asko daude joera halakoa iraultzeko, eta horietako bat da arestian aipatu dudan liburua, Luis Martinez de Garaterena.

Síntesis de la historia de Navarra Nabarralde-k argitaratu du, eta, behinik behin, balio handi bi ditu. Lehenik, ezjakintasuna borrokatzen du; eta, bigarrenik, buruestimu bihurtzen du ezjakintasunak berezkoa duen segurtasunik eza. Begien bistakoa da Nafarroaren izena bera ez dagokiola bakarrik gaur egun izen hori duen herrialde zatiari, baizik eta euskal herri osoari: «Nafar guztiok euskaldunak gara, hizkuntza eta etnia aldetik. Halaber, eskaldun guztiok ere nafarrak gara, politika ikuspegitik». Liburuan, Euskal Herriaren historia osatzen duten hainbat datu eta pasarte ageri dira —Erresuma subirano bat, Bilakaera baskongadoa, 1512ko konkista, Mundua harritu zuen kultura bat, Foruen kontrako erasoa eta haien desegitea…—; baina horiez gainera, hainbat gogoeta jakingarri egiten ditu Martinez Garatek, eta horiexen berri eman nahi nioke irakurleari. Hona hemen bat: «Edozein gizartek bere ohiko bizimoduan mugarriak izan diren egintzei eta lekuei buruz duen pertzepzioak osatzen du oroitzapen historikoa eta hura definitzen duten leku oroigarriak. Oroitzapenak injustizia, zapalkuntza, sufrimendu eta oinaze egoerak badakartza gogora, aldarri balioa du hark erasandako pertsonentzat, eta oroitzapenari esker eskuratu ahal izango dute pairatutako laidoengatiko ordaina, bai eta haietatik libratzea. Garaileek, berriz, garaituen oroitzapena ezabatzeko edo desitxuratzeko joera izan ohi dute. Lortuz gero, garaile izango dira bigarrengoz eta, beharbada, behin betiko. Historiaren zeregina da dagokion tokian jartzea oroitzapena; esate baterako eta batik bat, gure kasuan, egintzak kosta ahala kosta manipulatuz oroitzapena desitxuratu nahi izan baitigute garaileek, beren kultura, gizarte eta politika sisteman txertatzeraino».

Eta bada beste gogoeta bat ere: «Honetan datza historiaren balioa: jakitea behingoz zer prozesuk ahalbidetu digun eratzea gure gaur egungo gu-a, gure hizkuntza eta ondare eta guzti; gure gizartea definitzen duten gizarte eta politika kultura eta guzti; eta partaide gaituzten eta, makina bat alditan, pairatzen ditugun gatazkak eta guzti. Laburbildurik, lortzea azaltzen eta ulertzen nortzuk garen eta zergatik garen honelakoak, orain eta hemen, eta laguntzea ikusarazten eratu beharra daukagun etorkizuna. Bide bat da argitzeko hain garrantzitsua den zerbait —baina, aldi berean, nori bere Estatuak bermatua dienek hain laidoztatua—: norbere izaera. Ezein gizartek ez du etorkizunik, baldin eta ez badu bere izaerari buruzko pertzepzio argirik».

Kontsulta liburu ezinbestekoa, eta euskaldunen nazioa Espainia dela diotenen aurkako antidoto bikaina. Alegia, nazionalismo espainolaren eta haren euskal gorte lausengariaren kontrakoa.

(Erredakzioan itzulia)

BERRIA 2011/02/27

No hay comentarios: