15 abril 2010

BERRIAREN AGENDAN

BERRIA (2010/04/15)

Koldo Martinez Garate.Nabarralderen sortzailea

'El paradigma nabarro' hitzaldia emango du gaur, Donostian, ingeniari iruindarrak. Foruen eta Sabino Aranaren ereduen ordez, 'bide nafarra' proposatzen du Euskal Herrirako estatua lortzeko.

«Katalunian independentziari buruz eginiko herri galdeketen bidea ez da egokia hemen»

Edu Lartzanguren.

Koldo Martinez Garate (Iruñea, 1949) telekomunikazio ingeniaria da. Nafarroaren inguruan gogoeta egiteko, Iturralde elkartea sortu zuen, beste batzuekin batera, eta, horretan ateratako ondorioak gizarteratzeko, Nabarralde elkartea. El paradigma nabarro hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Tomasene kultur etxean (Altza, Donostia).

Paradigma forala, bizkaitarra eta nafarra planteatzen dituzu, eta azkenaren alde egiten duzu.

Paradigma hitzak eredua esan nahi du, eta asko erabiltzen da beste zientzietan. Nola interpretatu izan dugu gure herrialdea? Paradigma forala Nafarroa XVI. mendean konkistatzen amaitu zutenean ezarri zuten: euskal lurraldeek hitzartu egin zuten independentzia galtzea eta Gaztelan sartzea. Espainiarrek, ordea, argi ikusi zuten ez zegoela itunik. Haiek irabazi egin zuten, eta foruak garaipenaren ondorengo egoera justifikatzeko.

Sabino Aranak ere huts egin zuela uste duzu?

Foru paradigma hondoratu zenean, Aranak esan zuen gure eskubideak ez zetozela soilik foruak izan genituelako, baizik eta nazioa garelako. Modernitatearekin bat egin zuen, nazio afera modan zegoelako orduan Europan. Halere, hutsune handiak zituen ikuspegi historikoan, ezjakintasunarengatik edo. Horregatik ez zuen haren nazionalismoak arrakastarik izan Nafarroan.

Zeintzuk dira Aranaren hutsune horiek?

Pentsatu zuen euskal lurraldeak independenteak izan zirela baina bakoitza bere aldetik, Frantzian eta Espainian sarrarazi aurretik. Independente izan ziren, bai, baina Nafarroaren bidez. Ez zuen behar bezala baloratu estatu independentea izan genuela mende askotan. Euskal Herria subjektu politikoa izan da Historian, Nafarroako Erresumaren bidez. Euskaldunok antolaturiko egitura politikoa, nazioartean mende askotan burujabe izan dena, Nafarroa da. Espainiarrek eta frantsesek ahaleginak eta bi egin dituzte beti hori ezkutatzeko. Horretarako, barne zatiketak eragin dizkigute, geografikoak eta politikoak, besteak beste.

Egotzi izan dizuete historiaren interpretazio hori ad hoc eraiki duzuela independentzia justifikatzeko.

Iragana interpretatzeko modu hori da guretzat zuzena, eta, gainera, horrek emango digu aukera etorkizunean berriz estatua izateko. Nafarroako Estatua izan zelako heldu da Euskal Herria gaurdaino. Horregatik dugu beste herri bat izatearen kontzientzia, hizkuntza, kultura politiko eta sozial propioa. Eta garrantzitsuena: horregatik sentitzen dugu estatua sortu behar dugula etorkizunera begira. Izan ginelako gaude hemen gaur, eta izaten jarraitzeko gogoa dugu, izan ziren beste asko ez baitira dagoeneko.

Eskozian eta Katalunian bide horretan doaz, baina hemen badirudi espainiazaleen aroa dela hau.

Gauza asko konpondu behar ditugu barruan. Alderdien mundua lur jota dago: ez badago katarsi handi bat, ez dut uste alderdiak halako mugimendu bat gidatzeko gauza izango direnik. Gizarte zibilak egin beharko du. Kataluniako herri galdeketen bidea ez dut egokia ikusten gurerako, halere, lurralde zatiketa handegia dugulako. ETAren jarduera amaitzea beharrezkoa litzateke, porrotera kondenatuta dagoelako aurrez aurreko militarra, horretarako itxaron behar ez badugu ere.

Kristalezko bola atera dezagun: noizko sortuko da berriz Nafarroako Estatua?

Polita izango litzateke konkistaren 500. urteurrenerako izatea, baina hori bi urte barru da. Agian data horretarako bidean izango gara.

No hay comentarios: