01 julio 2006

IDEOLOGIA ETA POLITIKA HEZKUNTZA SISTEMETAN

XIX. mendearen amaieran Jules Ferryk, Frantziako Estatuan, eskola bateratu baten beharra planteatu zuenetik, hezkuntza sistemaren oinarri izango zenarena, ez dago inolako errugaberik arlo horretan. «Abertzale jatorrak» sortzea zen hezkuntzaren helburua, eta hizkuntzaren, kulturaren eta «betiko» Frantziaren balioen irakaskuntzan zetzan curriculuma; gainera, Renanen tesiekin egiten zuen bat eta, horien arabera, Frantziako «nazioaren» izenean, ahaztu egin behar zen batasunera heltzeko erabilitako indarkeria.
Nazioa eta estatua bi gizarte errealitate dira. Herria, gizartea, nazio bihur daiteke. Eta horrek gainerako herrialdeekiko harremanetan arrakasta badu, estatu bihurtzera hel daiteke. Helburu hori lortuta, estatuak finkatzen ditu oinarri izan duen nazioaren ezaugarriak. Frantziari dagokionez, batez ere; izan ere, horren monarkiaren jatorri absolutistak izaera unitarista eta totalitarioa eman zion iraultzaren ondorioz sortutako estatuari, oraindik orain ere baduena. Espainiari dagokionez, berriz, maisua imitatzen saiatzen den ikaslea da hori, horren bikaintasuna lortzen ez badu ere.
Garai jakin bateko gatazka politikoen eta koiuntura jakin batean horien inguruan hartutako erabakien ondorio da ikastetxe «ofizialetako» hezkuntza. Ez da sekula horietatik kanpo egon, eta are gutxiago horien gainetik. Gure nahiak edo interesak gizarte errealitatearekin ez nahasten saiatu behar dugu, setatia baita hori Marx zaharrak zioenez.
Arazo larria da indarkeriaren «legezko» monopolioa duenaren -estatua- planteamenduak «ez politikotzat» hartzea beti, eta gizarte zibilarenak, berriz, «ideologiko» edo «politikotzat», eta horiei karga peioratibo handia ematea.
Gure gizartea «askotarikoa» dela pentsatzea da estatu propioa dutenen eta ez dutenen arteko planteamendu distantziakide horien akatsa, nahiz eta azken horiek ere Estatua nahi eta horren beharra ikusi. Nafarroako (Euskal Herriko) gizartea ez da askotarikoa, Suitzakoaren neurrian. Suitzako gizartea gizarte normalizatua da. Estatu konfederala du, eta kantonamendutan banatuta dago; horiek, gainera, askatasun handia dute arlo askotan. Baina gizarte demokratikoa da batez ere, estatuaren kanpo erakundeen mende ez dagoena. Gurea, berriz, gizarte desegituratua da; konkista, okupazio eta murrizte prozesuek «askotariko» itxura eman badiote ere, pluraltasun hori ez dago subiranotasunaren mende, kanpoko interes arrotzena baizik; gehienetan, gainera, horren egituratzearen beraren kontra daudenena.
Nafarrok badakigu Fernando Buesak zer-nolako «erabakia» hartu zuen Hezkuntza sailburu zenean. Eta hortxe datza arazoa (edo arazoak), hain zuzen. Espainiako eta Frantziako estatuetan oso erantzun zakarra eragiten du hizkuntz edo kultur pluraltasunaren inguruko edozerk eta, ondorioz, gai dira berriz ere konkistarako deia egiteko. Hori helburu politiko ez badut ere, estatu konfederal edo federala edukiz gero, benetan demokratikoa, inolako oldarkortasunik gabe jorra genitzake arazo horiek, eta bidezko akordioetara ere hel gintezke. Espainiako Estatuari dagokionez ERCk Katalunian egin duen apustuak alde eztabaidaezinik izan badu, aukera hori bideraezintzat ematea izan da hori, orain arte, bederen.
Ikastolak erabat desager zitezen nahi zuen Fernando Buesak. Horren alde borrokatu zen, eta emaitzak onak ere lortu zituen hein batean. Espainiakoa bezalako erregimen politiko batean, baina, jarrera nazionala erabat uztea da hori Nafarroaren ikuspegitik, hori suntsitzea helburu eta harrotasun dutenen onerako.
Nafarrok badakigu zuk esandako guztia, Zallo jauna; izan ere, sinatzaile honen iritziz, Baskoniako herritar guztiak gara nafarrak, zentzu politikoan. Uste dut, gainera, Euskal Herriko herritarrak sailkatzeko erabili dituzun irizpideak menderatzaileen parametroetan daudela: euskaldun «nazionalistak» eta «ez nazionalistak», «euskaldunak» eta «nafarrak», «euskaldunak» eta «espainolak», «nafarrak» eta «euskaldunak», «nafarrak» eta «frantsesak» eta abar, ad nauseam.
Badakigu guztiok estatua ez dela munduko subjektu politiko agente bakarra, baina badakigu, era berean, estatu propiorik gabe ez garela ia ezer. Zergatik onartzen dute EBn maltera edo esloveniera eta ez katalana, askoz ere lagun gehiagok dakitena? Gure arrantzaleek zergatik ez dute ahots propiorik; zergatik mintzatu behar dira Espainiako eta Frantziako ordezkarien bidez? Ez al da bidezkoagoa pentsatzea Bizkaiko Golkoak -batasun ekologiko, geologiko eta soziala- ahaleginak bateratu beharko lituzkeela arrantza eta bestelako «baliabideak» (antropozentrikoa bada ere, egungo errealitatea ongi islatzen duen hitza erabiliz) hobeto ustiatzeko, Espainiaren eta Frantziaren interesak alde batera utzita?
Konplexurik gabeko nazio bati buruz ari gara, Zallo jauna. Oso erraza da nazio horri «etnizista» edo «komunitarista» kontzeptu peioratiboak aplikatzea, hitz horiek mintzagai dugun nazioa bahituta daukatenentzat egokiagoak ez ote diren galdetu gabe. Beste Nafarroako Estatu bat, Baskoniako herritar guztien estatua, sortzea da nire helburua, bai eta Iturralden lanean ari diren beste lagun askorena ere; izan ere, herritar horiek ez dute sekula beren ondare edota historia arbuiatu; ez dute sekula onartu ez okupazioa, ez eta Frantziak eta Espainiak ondoren egindako ordezkatzeak ere.
Konkista eta okupazioan dago gaur egungo gatazken jatorria egiazkoa eta sakona, eta gatazken erroa zein den ezagutu gabe ezin dira horiek konpondu. Hori ezagutzeak gure gizarteari kontzientzia nahikoa eman diezaion nahi dut, lehen adierazitako helburuak lortzeko beharra azter dezan beharrezko autoestimuarekin. Eta XXI. mendeko gizarteak, herritar askeek osatutakoak, aurrekari propio gisa onartuko ditu foru sistema eta Arana Goiriren planteamenduak, baina ez da horietara mugatuko.
Euskal nazio berrian, Nafarroako estatuan eta munduko beste edozein estatu demokratikotan, konstituzioan errespetatu beharko dira nortasun linguistiko eta kultural guztiak. Baina nortasun ezaugarri guztiak errespetatu behar dira lehenik eta behin; euskara edo gure herriak antolatzeko erabili izan dituen moduak besteak beste. Konkista garaitik, zapaldu eta suntsitu egin dituzte horiek estatuek, eta berdin jarraitzen dute egun ere.