22 octubre 2015

KATALUNIA, AUTODETERMINAZIOA ETA ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Luis Maria Martinez: "Erabakitzeko eskubidea helburu politiko bezala jartzea gure aldarrikapenak zentzugabeki murriztea da"

Erabiltzailearen aurpegiaAzpeitiko Kultur Mahaia | Kultura | ARTIKULUA 
2015-10-22 10:31
Hiru hitzaldi antolatu ditu Nabarralde fundazioko Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeak urriarako. Gaur izango da bigarrena, Luis Maria Martinez Nabarralde fundazioko kidearen eskutik. 19:30ean izango da, Baigerako aretoan, 'Katalunia, irribarren iraultza?' izenburupean. Lehenengoa joan den ostegunean eskaini zuen Angel Rekaldek.
'Katalunia, irribarren iraultza' hitzaldia eskainiko duzu ostegunean. Zergatik izenburu hori?
Angel Rekalde eta biok eginiko artikulu batean erabili genuen, Kataluniako Printzerriko independentziaren aldeko prozesuari erreferentzia egiteko. Carme Forcadell, ANCko, eta Muriel Casals, Omnium Culturaleko lehendakari ohien adierazpen batzuetatik dator. Iraultza baketsu bati buruz ari gara, katalanen aldetik amorrurik ez duen iraultza bati buruz, ilusioa, irribarrea eta poza baizik.
Nolakoa da Kataluniako egoera irailaren 27ko hauteskundeen ondoren?
Fase oso korapilatsua da. Oso konplexua da estatu espainiarraren barneko "legalitate" autonomista batetik, katalanek ulertzen duten zilegitasun demokratikora, hau da, independentziara, trauma handiegirik eragin gabe igarotzeko prozesu bat eraikitzea. Azken diadetako manifestazio erraldoiak, eta azaroaren 9ko legez kanpoko hauteskundeetan 2.300.000 bototik 1.800.000 independentziaren aldekoak izateak, Kataluniako herritarren borondatearen isla izan daitezke. Espainiar estatuak legezko galdeketa bat onartzen ez duenez, Parlamentuko hauteskundeak (Espainiako legediaren barruan "legezkoak"), idenpendentziaren aldeko hauteskunde pleibiszitario bihurtzeko aprobetxatu zuten. Emaitzak oso argiak izan dira, baina independentziaren alde diharduten bi indarrek, bakoitzak bere aldetik aurkeztuta, ez dute nahikoa babes lortu gobernu autonomiko bat osatzeko. Horrek negoziatzera behartzen ditu, eta negoziazioa oso gogorra eta konplexua da. Xehetasun gehiagorekin azaltzen saiatuko naiz osteguneko hitzaldian.
Zein ondorio izan ditu honek Euskal Herrian?
Oso gutxi nire iritziz, oihartzun txikiegia izan du. Prozesuaren hasieratik azaldu beharko zatekeen elkartasun internazionalistaz gain, espainiar estatuaren beraren etorkizuna jokoan dagoela uste dut. Kataluniako Printzerririk gabeko espainiar estatu bat ez da bideragarria ekonomikoki. Kolapsatu egingo litzateke, eta honek guztiok harrapatuko gintuzke, urakanaren indarrarekin. Nafarroako Konbenioaren eta EAEko Kontzertu Ekonomikoaren aurkako erasoak gero eta gogorragoak diren bitartean, guk beste galaxia batekoa balitz bezala begiratzen diogu Kataluniako prozesuari. Nolabaiteko ikusmina dago noraino helduko ote diren edo zer egiteko gai diren, baina ez dugu gainditu gaitzakeen zerbait denik sentitzen.
Zein izan da Katalunian, politikoak erabakitzeko eskubidearen edo independentziaren alde lerrokatzeko giltza?
Zenbait kontu aipagarri daude, bat bakarra ez litzateke nahikoa izango prozesu osoa azaltzeko. Argi dago, gehiegikeria ekonomikoak eta azpiegituretako defizit erraldoiak izan direla azken pizgarriak. Hizkuntza katalanaren aurkako erasoek eta politika lingustikoek ere eragina izan dute. Kataluniako gizartea eraso hauen kontzientzia hartzen joan izan da hainbat urtetan. Eta gizarte kohesionatu eta partehartzailea izanik, alderdi politikoetatik bereizitako erakunde zibilak sortu ditu, ANC eta Omnium esaterako, protestak bateratu eta oinarriak finkatzeko. "Establishment" alderdiak estatutu berriarekin eta Kontzertu Ekonomikoaren antzeko zerbaitekin konformatuko ziratekeen, baina berandu iritsi ziren, eta herritarren aldarrikapenera gehitu beharra izan zuten. Mas independentziaren aldeko "bilakatzea" zerbait berria da, gizarte katalanak abiatutako independentziaren aldeko indar geldiezinaren adibidea.
Zein egoeratan dago erabakitzeko eskubidearen aldeko borroka Euskal Herrian?
Erabakitzeko eskubidea eskubide demokratiko bat gehiago da eta ezin da nahastu autodeterminazio printzipioarekin; honek, beste baten menpeko den edozein nazioren askatasun osoa (independentzia) ahalbidetzen du. Gure herriko gatazkak irtenbide demokratiko bakarra daukala uste dut, independentzia. Borrokak helburu hori izan behar du. Nazio errelatu bat eraiki behar da, guztiok partaide sentituko garena. Honen arabera estrategia bat definitu beharko dugu, independentzia lortzera bidean. Erabakitze eskubidea estrategia hori gauzatzeko bitarteko bat gehiago izan daiteke, aldarrikatzeko eskubidea, greba eskubidea edo boto eskubidea bezala. Nire iritziz, erabakitzeko eskubidea helburu politiko bezala jartzea gure aldarrikapenak zentzugabeki murriztea da.
Euskaldunok, gure prozesua bultzatu beharrean, Kataluniara begira gaudela uste al duzu?
Irakurketa bikoitza duela esango nuke. Katalanen antolatzeko eta borrokatzeko gaitasuna gutxietsi izan dugu hainbat urtetan, aldarrikapen independentistaren gidari ginela uste genuen. Orain, katalanen matxinada martxan dela, oker genbiltzala ikusi dugu. Uste dut kontzientzia txarra dagoela horregatik, baina era berean, katalanek egin dutena ez dugula goitik behera kopiatu behar ere esango nuke. Ausardia, erabakitzeko gaitasuna eta adimena, jarri behar dugula uste dut, eta bereziki, ilusioa, burujabetza eta independentziaranzko gure bide propioa eraikitzeko.