28 marzo 2014

INDEPENDENTZIA?: ARGI ETA GARBI


2014ko martxoaren 25ean Auzitegi Konstituzionalak emandako sententziak, Kataluniako Parlamentuak 2013ko urtarrilaren 23an egindako Subiranotasunaren Adierazpenari dagokionak, arazoa ongi zehazten du eta gauzak argi eta garbi azaltzen ditu.

Lehenik, Kataluniako Parlamentuak zioenari (“Kataluniako herria bada, legitimitate demokratikoko arrazoiengatik, subjektu politiko eta juridiko subiranoa”) ezezko biribila ematen dio. Ez dago herri kataluniarrik, ondorio juridiko edo politikoetarako. Izan ere, hauxe dio sententziak: “Oraingo ordenamendu konstituzionalean herri espainiarra soilik bada subiranoa, eta esklusiboki eta modu zatiezinean da hala, botere publiko batek ezin dio aitortu subiranotasunik Estatuko beste subjektu edo organo bati edota herri horren zati bati”. Eta gaineratzen du inork ez duela ahalmenik “bere borondate hutsez, nazio espainiarraren batasun zatiezina hausteko”. Garbiago, ezin. Egon daitekeen subjektu bakarra herri espainiarra da, nazio espainiar zatiezinean hezurmamitzen dena.

Bigarrenik, sententziak “Kataluniako herritarren erabakitzeko eskubideari” dagozkion aipamen batzuk jasotzen ditu. Hori horrela, hau dio: “Konstituzioaren baitan, autonomia-erkidego batek ezin du aldebakartasunez autodeterminazioari buruzko erreferendumik antolatu, Espainian integratu ala ez erabakitzeko”. Hala ere, “irekita” geratzen da “erabakitzeko eskubidea arautzeko elkarrizketa politikoaren” bidea. “Konstituzioaren erreforma eginez gero, guztiz irekita geratzen da”.

Hirugarrenik, hausnarketa txiki bat egin nahi dugu gure aldetik, Euskal Herritik, Nafarroatik, Estatu propioa eta independentea lortzeko dugun borondatea abiapuntutzat hartuta (hori baita kontua, bai Katalunian, bai hemen). Benetako egoerari begiratzen diogunean eta Estatu espainolak bere menpean dituen nazioen burujabetza (beren estatua) onartzeko duen erresistentzia ikusten dugunean, zertaz ari gara? Ez gaitzaten itsutu diskurtsoek eta ideologiek. Ustez erregimen demokratiko batean gaude eta, beraz, demos-a da, herria, erabakitzen duena. Hori aitortzen da sententzia horretan. Tranpa, baina, nagusikeriaren eta zapalketaren erregimen honetan, “demos” edo herri horren definizioan datza. Nirea, dio Auzitegiak, espainola, da herria; horrek balio du;  Zurea, euskalduna, kataluniarra, ez da hala.

Beraz, eztabaida, politika errealean gatazka izango litzatekeena, ez dago “erabakitzeko eskubidea” delakoan, baizik eta subjektu politikoaren definizioan, subiranotasunaren subjektua izango litzatekeen horretan. Katalanek garbi ikusi dute, eta horregatik lan egin dute bere burua ekintza politikoaren subjektu gisa ikusten duen kolektibitatea sortzeko (baita lortu ere). Gu berriz, oztopo demokratikoaren muinari heldu ezinik, noraezean gabiltza. Tamala da, helburutik urruntzen baikara horrela, denbora eta indarra galtzen ditugu eta, hortaz, gogogabetuta eta adorerik gabe gelditzen gara.

Hain zuzen ere, Auzitegi Konstituzionaleko epaile espainolek beti ixten duten bidea da guk egin behar duguna, definizio horren ondorio dena. Izan ere, independentzia helburu demokratiko bakartzat planteatzea dakar berekin. Hortxe dago auziaren koxka, argi eta garbi, tranparik eta trikimailurik gabe.

BERRIA 2014/03/30