25 septiembre 2013

EUSKAL BIDEA

Ibiltari, ez dago biderik, ibiliz egiten da bidea (A. Machado)

Diadan "Independentziaranzko Bide Katalanak" Asamblea Nacional (ANC) delakoaren bitartez erakutsitako indarra ikusi ondoren, antolatzaileetako batzuekin hitz egin genuen: nola lortu duzue sekulako mobilizazio hau, hainbeste jenderekin eta halako ordenarekin? Bistakoa da hori lortzeko beharrezkoa dela nazio baten borondate irmoa, Espainiarekin gogaituta subjektu politikoa berehala izan nahi duenarena. Zentzu praktikoaz erantzun ziguten: 30.000 boluntario eduki ditugu. "Independentistak" sareko batek hasperen egin zuen: "Nahiko genuke guk kopuru hori manifestazio batean biltzea!"

Harri eta zur geratu ginen. Pentsaezina izango litzateke, hortaz, independentziaren aldeko manifestazio batean 30.000 pertsona biltzea? Areago, ezin izango genuke boluntario-kopuru hori aurkitu, ongi bideratutako prozesu garbi bat planteatuz gero? Baiezkoan gaude; gure ustez, gure artean badago potentzial hori (Kataluniarekin dauden distantzia proportzionalak alde batera utzita), edo handiagoa ere. Baina, jakina, aldez aurretik baldintza jakin batzuk betetzen badira.

Horregatik beharbada, interes handiarekin ikusi  dugu Ezker Abertzaleak aurkeztutako ekimena, "Eraiki dezagun elkarrekin Euskal Etxea", edo laburrago esanda, "Euskal Bidea", joan den irailaren 11n Kataluniaren independentziaren aldeko Diada, 400 kilometrotik gorako giza katea, antolatu zuen "Vía Catalana" delakoaren paraleloa.

Hasteko, proposamen horrek zuhurtasunez dio ez duela katalanen mimetismo hutsa izan nahi. Kopiak ez dira inoiz jatorrizkoa bezalakoak izaten. Abiapuntuak ere ez dira berberak. Bazen garaia norbaitek independentziaren aldeko "bide" propioa planteatzeko; izan ere, denbora luzeegia daramagu ika-mika eta gatazka antzuetan kateatuta; beti dira premiazkoak eta beti daude puri-purian, baina azken hamarkadaotan ez digute utzi pauso bakar bat aurrera egiten: presoak, fiskalitatea, erakundeen kudeaketa, zaborrak, banderak jartzea eta kentzea... Oso serioa dena, baina gauden tokitik mugitu gabe. Eta aski da; helburu garbi bat behar dugu: independentzia.

Beste puntu batean ere asmatzen du: gizarte zibilari egiten dion deian, berak posizio zentrala har dezan, erakunde burokratikoek (alderdiek eta sindikatuek) berari dagokion lekuan jarri eta mendean hartu ez dezaten. Hori posible balitz, saihestu egingo genituzke hainbeste baldintzatzen gaituzten hauteskundeekiko menpekotasuna, hegemoniagatik liskarrean dabiltzanen bandoen ika-mikak, interes sektarioak, beharrik gabeko protagonismoak, etab., etab., etab. Hori hala izanez gero, uste dugu posible dela Diada horren antzeko erronkei heltzeko ekimena berreskuratzea.

Besterik da, eta hor ez gaude hain konbentzituta, "bide" horrek herritar guztiak bildu ahal izatea, bai independentziaren alde daudenak, bai kontra daudenak. Batasuna bilatze hori laudagarria da behintzat. Jakina, denok nahiko genuke ideologia askotako sektoreak batera aktibatu ahal izatea, baina gauzek ez dute abstraktuki funtzionatzen eta batasuna, bidea bezalaxe, urratsez urrats eraikitzen da. Ez du zentzu handirik jarrerak hurbiltzeaz hitz egiteak baldin eta etxea teilatutik eraikitzen hasten bagara, gure etsaiari, gure herriaren subiranotasunaren aurkako sutsuari deitzen badiogu eta hurbilekoari argudiorik emateko edo lekurik uzteko gauza ez bagara. Subiranotasunaren aldekoak eta aurkakoak biltzen dituen bidea da apustua, baina beharbada naturalagoa izango litzateke lehenbizi sentimenduak eta pentsamenduak partekatzen ditugunok biltzea, hau da, independentziaren alde argi eta garbi gaudenok. Gure herria badela (eta baduela izateko eta erabakitzeko eskubidea) uste dugunok, euskaldun, nafar, menperatu sentitzen garenok, munduan leku propioa edukitzeko premia ikusten dugunok... Eta gero, gerokoak.

Kezkatzen gaituen beste gauza bat da, Diadaren arrakastarekin alderatuta batere zaintzen ez dena, hau da: gaiari buruz hitz egiteko beharra. Gure herriak denbora luzeegia darama ez atzera eta ez aurrera, agortutako prozesuetan murgilduta, hortik atera ezinik, eta ez dugu inor ikusten lan horri ekiteko prest. Independentzia nahi badugu, "Euskal Bidea" nahi badugu, pentsatu egin behar da, eta ehundu, eztabaidatu, arrazoiak eman, eta landu ideiak, helburuak, ekimenak, proposamenak... Motibatu egin behar da jendea. Eta gure artean ez dugu halakorik ikusten. Hitz egiten dugu bake-prozesuaz, estatutu berriaz... baina horrek ez gaitu behar dugunerantz eramaten. Independentziaren abantailez eztabaidatu behar dugu, Espainia ustela eta Frantzia jakobinoa estatu arrotzen despotismoa jasan beharraren zama astunaz, estatu propio bat eraikitzearen erronkez.

Horregatik, pozik hartu dugu independentziaren alde Ezker Abertzaleak egin duen Euskal Bidearen adierazpena, eta espero dugu zalantza horiek argitzea, urratsak egiten hastea edo behintzat horretara bultzatzea, ateak zabaltzea eta independentziara hurbilduko gaituen prozesuari hasiera ematea. Machadok zioenez, ibiltariaren pausuak dira bidea. Eta kito. Pausurik gabe ez dago biderik.