21 agosto 2013

ORREAGA, HERRIA ETA IZENA

Denbora galduaren bila-ren lehen bi liburukietan, Marcel Proustek bi hausnarketa egiten ditu Herria-ren inguruan. Swann-enetik liburukiko kapitulu batean, Herrien izenak: izena-ri buruz hitz egiten du, eta Loretan diren neskatxen gerizpean liburukian, Herrien izenak: herria-ri buruz. Guri antzeko zerbait gertatzen zaigu; gure herriari buruz bi erregistrotan hitz egiten dugu: batetik, izena, eta, bestetik, herria. Itxuraz, bi eztabaida dira, garai ezberdinetan agertzen direnak, eta eduki ezberdinekin. Hala ere, eztabaida bera da.

Abuztuaren 15ean, herria omendu zen, nazioaren jaiotza. Orreaga da euskal nazioa eratu zuen gertaera. Karlomagnoren tropek eta horien ondorengoek 778an eta 824an jasandako porrot garbiaren ondorioz gauzatu zen euskaldunek historian osatu duten antolakuntza politikorik garrantzitsuena: Iruñeko Erresuma.

Finkatze hori, hain zuzen, aurretik denboran ondoz ondo egindako zenbait ekarpen pilatzearen ondorioz sortu zen. Bata, autoktonoa, historiaurrea izan zen. Orduan, kultura bat sortu zen, hitzaren zentzu osoa hartuta, hizkuntza batean eta mendeetan Pirinioetako inguruetara egokitutako bizimodu batean oinarritutakoa. Jarraian, herria erromatar zibilizazioarekin uztartu zen, hizkuntza eta kultura galdu gabe, baina egokitzapen askorekin. Erromatar Inperioa erori eta gero, mendeetan borrokatu zen bisigodoekin, hegoaldean, eta frankoekin, iparraldean, eta, ondoren, erakunde politiko nabarmen bat finkatu zen: Baskoniako Dukerria.

Fase horiek gorenera iritsi ziren Goi Erdi Aroan; erresuma independente bat eratu zen, zeinak mila urte baino gehiago iraun zuen eta modernotasunera iritsi zen, nahiko urraturik eta urriturik. Estatu horrek euskaldunak nazionalizatzea ekarri zuen, eta kultura sozial eta politiko bat garatzea bertako sistema juridiko-politikoan, Foruan; besteak beste, lurralde eta administrazio antolaerak, batzarrak eta auzolanetako lankidetza. Koldo Zuazoren tesi berritzailearen arabera, historiako lehen euskara batua, zehazki, Nafarroako estatuaren batasun politikotik sortu zen, hiriburua Iruñea izanik.

Horrekin, argi gelditu da euskaldunok gaitasun historiko bat izan dugula erakunde politiko independente bat eratzeko, estatu bat. Eta estatu horrek izen gisa Nafarroa izan duela, mendeetan nazioartean ezaguna. Orain dela egun gutxi, berriro agertu zen, Gabriel M. Otaloraren artikulu batean, Herriaren izena-ri buruzko aspaldiko polemika. Eta egilea Euskadi eta Euskal Herriaren arteko eztabaida jada zaharrean sartu zen.

Euzkadiren aldeko arrazoiak, horrela deitu baitzion sortzaileak, Arana Goirik, eta ez Euskadi, benetako gertaera batean oinarrituta daude. Euskal Herria ez da izendapen politiko bat, eta errealitate linguistiko eta kultural bati dagokio. Arana Goiri anaiek, irizpide onekin, pentsatu zuten independentzia helburu zuen herri batek izen politiko bat behar zuela, eta neologismo bat asmatu zuten. Horrela sortu zen Euzkadi. Zergatik bihurtu zen Euskadi Franco hil ondorengo trantsizioan, hori ez dakit. Agian Aranak esan zuelako euz erroa eguzki-tik zetorrela, euskaldunek jatorri kosmikoren bat edukitzeko.

Errealitatea lurraren pixka bat arraserago dago, gure planetan bertan, eta, dirudienez, gure hizkuntza eta kultura garatu ziren lur berean. Hizkuntza eta kultura mitiko, sozial eta politiko hori, historiako momentu batean, Orreagan, estatu independente bihurtu zen. Herritar izena duten munduko nazio guztiek —magiarrak, lusitaniarrak, galiarrak, germaniarrak, adibidez— eta estatu gisa eratzea lortu dutenek estatuaren izenak hartu dituzte. Horregatik ezagutzen ditugu gaur egun portugaldarrak, hungariarrak, alemaniarrak eta frantziarrak.

Prousten obraren azken atala Denbora berreskuratua da. Iruditzen zait badela garaia gure nazioak ere galdutako denbora berreskuratzeko; hau da, independentzia, bere estatua berreskuratzeko. Aurreko guztiari dagokionez, uste dut euskaldunen festa nazionalak gure gertaera eratzailea, Orreaga gogoratzeko izan behar duela, abuztuaren 15ean, eta gure nazioaren izenak bere estatu historikoarekin bat egin behar duela: Nafarroa.