09 diciembre 2010

PORROTAK EZ AHAZTEKO


Euskal Herriaren «egitura politikoaren historia» ehun orrialdetan laburbildu du Luis Maria Martinez Garatek ‘Síntesis de la historia de Navarra’ dibulgazio liburuan.

Ainhoa Oiartzabal
BERRIA, 2010eko abenduaren 5a


“Euskal Herriak historikoki nazioa osatu izana ez da kasualitatea; gizarteak berak prozesu historiko luze bat izan du, eta prozesu horrek eraman du Euskal Herria nazio izatera”. Luis Maria Martinez Garateri (Iruñea, 1949) ez dio balio Euskal Herriaren independentziaren aldarrikapena soilik borondate kontua dela esateak; borondate hori prozesu historiko baten emaitza da beretzat, eta, gauzak bere lekuan jartzeko, behar-beharrezko da prozesu horren nondik norakoak ezagutzea. Historia bera, hitz batean. Horiek horrela, Síntesis de la historia de Navarra ehun orrialdeko liburua argitaratu du Nabarralderen bidez. Dibulgazio lan horretan, historiaurretik hasi eta XX. mende hasiera arteko Euskal Herriaren antolaketa politikoaren historia jaso du batik bat.

Nabarralderen nahiz Iturralde ikerketa elkartearen sortzaileetako bat da Martinez Garate. Besteak beste, Tomas Urzainki eta Mikel Sorauen adituen bidetik jo dute bere ikerketek. «Hau da, Nafarroako Erreinuak antolatu duela euskal gizartea». Martinez Garateren arabera, Nafarroako Erresumaren ardatzean mugitu baita Euskal Herriko historia politikoa eta soziala.

Munduko beste nazioetan bezala, Euskal Herriaren kasuan ere aurrena herri bat osatu zen, «giza talde bat», eta gero erato zuen estatua: Iruñeko Erresuma, VIII. mendearen amaiera aldera. Hortik eratorri zen Nafarroako Erresuma. «Hortik aurrera eta ondoko nazioekin edukitako harreman ostean, eraiki zen gaur egungo Euskal Herria». Euskal Herria antolaketa etniko eta linguistikoa da beretzat, eta Nafarroako Erresuma da haren antolaketa politikoa.

Memoria historikoa

Bizirik irauteko, edozein gizartek memoria historikoa behar duela uste du Martinez Garatek. «Eta porrotak jasan dituen gurea bezalako gizarte batean, memoria historikoa ezinbestekoa da bere askapenerako ». Walter Benjamin filosofoaren esana bere egiten du Martinez Garatek: «Irabazleen inposizioz bere porrotak ahazten dituen gizartea bi bider izaten da garaitua». Horren haritik, bi urte barru Nafarroan jasandako konkistarik garrantzitsuenaren 500. urtemuga dela gogorarazi du. «Baina 1200. urtean beste porrot handi bat ere izan zen: Euskal Herriaren mendebaldeko lurraldeak Gaztelaren menera igaro baitziren».

Gertaera horiek ahazteak Euskal Herria berriro ere beste porrot baten atarian jarriko duela uste du Martinez Garatek. «Konkistaren ostean lurralde bat okupatu eta bertako bizilagunak azpian hartu dituen konkistatzailea beti saiatzen da inposizioaren historia desagerrarazten. Memoria historikoa galdu dadin saiatzen da, edo, behintzat, historia desitxuratzen. Faltsukeriak sinestaraztea ere lor dezake». Osotasunean esplikatzen ez den historiaren adibide dira ere, haren ustez, Euskal Herriko zazpi lurraldeei buruz argitaratzen diren lan askoren tesiak eta Zazpiak bat leloa: «Herrialde bakoitza egitura independente gisa aurkezten dute, eta bai, historiaren zenbait alditan hala izan da. Baina jatorria edo ardatza Nafarroako Erresumak osaturiko estatua dute».

Martinez Garateren arabera, Nafarroako Erresumak osaturiko estatua izan da euskaldunek historian zehar inoiz eraiki duten antolaketa politikorik gorena, eta egitura horrek berezko cultura politiko eta soziala sortu zuela dio. Hala, beren izatea antolatzeko eta defendatzeko giza talde baten ekimenez sortutako egitura berak nazioaren kohesioan zein bertako bizilagunen identitatean eragin zuela zehaztu du.

Baina identitatearen sorrera eta haren garapena ez da historian kateaturik gelditzen; identitatea etengabe aldatzen ari dela dio Síntesis de la historia de Navarraliburuaren egileak, eta identitate sendoa edukitzea ezinbestekoa dela edozein gizartek bere etorkizuna kohesionaturik eta arrakastarekin antolatu dezan. «Horregatik ez du balio esatea gaur egun euskaldunok independente izateko borondatea dugula. Garrantzizkoena da ezbairik gabe, izaten segitzeko borondaterik ez duen gizarte bat nekez izando baita etorkizunean. Baina borondate hori prozesu historiko baten emaitza da».


“Gizarte batek memoria historikoa izatea ezinbestekoa da bere askapenerako”

“Gaur egungo borondatea prozesu historiko baten emaitza da”

LUIS MARIA MARTINEZ GARATE
Nabarralderen sortzailea eta liburuaren egilea